2016(e)ko apirilaren 19(a), asteartea

Moldatutako erantzun immunitarioa (apunteak)

Patogeno batek hasierako hesi ez-espezifiko guztiak (irakurri zeintzuk diren hemen; "berezko immunitatea") saihestea lortzen badu, azken erantzun bortitz eta espezifiko bat jasoko du; moldatutako erantzuna; patogeno konkretu horren aurka espezifikoki garatuko (moldatuko) den erantzuna, hain zuzen ere.

egin klik moldatutako erantzun
immunologikoko erantzuleak ikusteko
Hasi aurretik, eta oraingoan gehiegi ez luzatzeko, kontatuko ditugun bi pelikula hauen pertsonaia nagusiak ikusiko ditugu. Alde batetatik, pertsonaia zelularrak ditugu eta bestetik pertsonaia molekularrak. Erantzun immunologikoan parte hartzen duten zelulei, zelula immunokonpetenteak deritze. Hauen artean lerro linfoideko linfozitoak (T eta B motakoak) eta lerro mieloideko makrofagoak, ... Molekulen artean, zitosinen familiako interleuzinak (zelulen arteko komunikazioan dihardutenak) eta antigorputzak. Azken hauek, B linfozitoek sortuak dira eta antigenoekiko (patogeno bakoitzaren propio den molekula zatitxoa) espezifikoak direnak, azken hau lotuz patogenoa oso "atxilotzen" dutelarik.


ERANTZUN ZELULARRA

Hasteko erantzun zelularraz arituko gara. Erantzun mota hau, patogenoen zelulen barneko garapena ekiditeko erabiltzen dugu. Hau da, zelulen barneko hazkundea (birusen kasuan, zenbait bakteria,...) galarazteko. Arrotzak izan daitezkeen zelulak (organo transplanteetan kasu) edota organismoko zelula tumoralak suntsitzeko ere erabiltzen dugu.

Berton makrofagoak (zelula fagozitikoak eta antigeno aurkezleak direlarik; APC, antigen-presenting cell) eta T linfozitoak (laguntzaileak eta zitotoxikoak) parte hartuko dute. Euren arteko komunikaziorako inteleuzinak (IL) deritzen molekulak erabiliko dira.

Zelulen arteko lotura posibleak duten hartzailearen arabera. 
Originala ikusteko klikatu irudian
Antigenoak aurkezteko eta ezagutzeko, mintzeko egitura (hartzaile) berezi batzuk egongo dira "pelikula" honetan. Makrofagoek adibidez, histokonpatibilitate konplexu nagusia deritzon (MHC; major histoconpatibility complex) hartzaile bat erabiltzen dute antigenoak gainazalean aurkezteko. Gainontzeko zelula arruntek, baita MHC ak garatzen dituzte euren barnean gertatzen ari diren prozesuen berri emateko. Azken hauen kasuan I. motako MHC da eta makrofagoen kasuna II. motakoa (B linfozitoek ere badute).

Linfozitoek ere, euren hartzaile bereziak dituzte. Linfozito laguntzaileen kasuan (T4) CD4 deritzon hartzailea dute. Hau, II. motako MCH-ekin lotzen da (*TCR-ekin batera) antigenoaren ezagutzan aritzeko. T linfozito zitotoxikoek berriz (T8), CD8 deritzona dute. Hau, gainontzeko zelulen gainazaleko I. motako MHC-rekin lotuko da (*TCR-ekin batera) antigenoa non topatuko ote duen zain.

*Hartzaile hauetaz gain, linfozitoen gainazalean, benetan MHC hartzaileek erakusten dituzten antigenoen ezagutza eta loturarekin erlazionatutako TCR motako hartzaileak daude (T Cell Receptor; T linfozitoen Hartzaileak). CD4 eta CD8 hartzaileak, T linfozito mota bakoitzarenak espezifikoak direlarik.  

Prozesua pausoz-pauso ikusiko dugu ondoren, eta oraintxe ikusi berri ditugun kontzeptu txiki guzti hauek, lotu eta primeran ulertuko ditugu.
Erantzun Zelularra. Originala ikusteko klikatu irudian
1.- Patogenoa gorputzean sartu egin da hasierako hesi guztiak saihestu ondoren (zauri bat,...)

2.- Sarrera gunera bertaratu diren edota gorputzetik dauden makrofagoek organismo arrotza fagozitatzen dute. Hauek, zelula antigeno aurkezleak (APC) dira; hau da, fagozitatu duten egitura (patogenoa, molekula,..) prozesatuko dute. Prozesatu, egitura horretatik molekula zati esanguratsuena (antigenoa) bereiztea eta bere gainazalera eramatea esan nahi du; antigenoaren prozesamendua.

3.- MHC II motako hartzaile baten bidez (mintzean txertatuta) antigeno espezifiko hori kanpoaldera aurkeztuko du. Konkretuki linfozito laguntzaile (Th edo T4) bati aurkeztuko dio. Honek CD4 hartzailearen bidez antigenoa antzemango du. Makrofagoak  jariatuko dituen interleuzinak (IL) deritzen komunikaziorako molekula batzuen bidez, linfozito laguntzailea aktibatuko dute.

4.- Th aktibatuek T linfozito zitotoxikoak (Tc edo T8) aktibatuko dituzte (bestelako interleuzinak bitarte).

5.- Aktibaturiko Tc hauek infektatutako zelulen bila abiatuko dira. Hauek detektatzean* perforinak deritzen proteina batzuk jariatuz (efektu zitotoxikoa dute) zelula infektatua suntsituko dute.

Aktibatutako Tc-ek, infektatuak dauden zelulak "detektatu*" egiten dituztela esaten dugunean: pentsa patogenoa (birus bat kasu) zelulen barnean erreplikatzen hasiko dela. Zelulek, euren barnean prozesu konkretuak ari direnean gertatzen, antigeno espezifikoak azaleratzen dituzte MHC I motako hartzaileekin. Hauen bidez, demagun nolabait "aizu! hemen barnean hau gertatzen ari da!" esaten dutela. Antigeno hau makrofagoak prozesatu duena bada, ondorioz, aldez aurretik ikusitako prozesuaren bidez, hezita datozen Tc aktibatuek bilatzen dutena bada, CD 8 deritzon gainazaleko hartzailearen bidez, infektatuta dagoen zelularen MHC I.-ean dagoen antigenoa igartzen duenean bertan (TCR hartzailearekin batera), zelula hau suntsituko du.

Oharra: Gogoratu txerto bizi arinduen kasuan erantzun zelularra sortzeko gai zirela (humoralaz gain, noski), birus horiek barnean erreplikatzeko gaitasuna mantentzen zutelako, nahiz eta gaixotzeko gaitasuna inhibitua edo galdua izan. Gainontzeko txertoek, birus aktiboak (erreplikazioari dagokionez) ez izateagatik ez dira erantzun zelularrak sortzeko gai eta beraz, soilik humoralak sortzen dituzte.


ERANTZUN HUMORALA
Erantzun humorala. Zelula dendritikoak* barne;
irakurri amaieran hauen berri.Originala ikusteko klikatu irudian



1.- Patogenoak babes hesi guztiak gainditu eta organismoan barneratu eta zabaltzen dabil.

2.- APC zelulek patogenoa fagozitatu edo lotu eta aztertu egiten dute, bere antigeno espezifikoa determinatzeko (antigenoaren prozesamendua deritzogu).

3.- APC-ek, II motako MHC hartzaileekin antigenoa azalarazten dute euren gainazalean. Honi lotuz (CD4 hartzaileen bidez), T linfozito laguntzaileak (Th) aktibatuko dira aurkeztutako antigeno horrekiko. APC eta Th-en arteko komunikazioa interleuzinen bidez emango da.

4.- Th aktibatuek B linfozitoak aktibatuko dituzte beste interleuzina batzuen bidez (aldez aurretik ere, B linfozitoek patogenoarekiko kontaktua izan dute eta II. motako MCH-en bidez aurkezten dute antigeno espezifikoa). Nolabait esatearren, Th aktibatuek, antigeno hori arrotza dela "konfirmatzen" diote B linfozitoari, interleuzinen bidezko "hizkuntzan".

Hemendik aurrera, B linfozitoek 2 bide desberdin jarraituko dituzte:

5.- B linfozito batzuk, antigeno konkretu horren kontrako antigorputzak garatuko dituzte eta odol zirkulaziora askatuko dituzte euren burua zelula plasmatikoetan bilakatuz. Antigorputz aske horiek gorputzean zehar euren antigeno espezifikoaren bila abiatuko dira. Topatzen dutenean, berari lotuz, patogeno osoa (gogoan izan antigenoa patogeno konkretu bat markatzen duen molekula baten zatitxo konkretua dela) "atxilotuko" dute. Horrela patogenoaren suntsitzea erraztuko dute.

6.- Beste B linfozito aktibatu batzuk ordea, garatzen dituzten antigorputz horiek, askatu beharrean, euren mintzean txertatuak gordeko dituzte. Hauei memoria edo oroimen B linfozitoak deritze; hurrengo batean, patogeno horren presentzia organismoan detektatzean (2. kontaktua) erantzun humorala berriro egin beharrena, ezagutua izango da eta antigorputz horiekin oso azkar eta era eraginkor batean "suntsitua" izango da (izan ere, baliteke sintomarik ere pairatzeko betarik ez egotea).


OHAR BATZUK: Ikusitako pertsonaien inguruko laburpena prestatu dizuet.
Ikusi ditugun partaideen laburpena. Originala ikusteko klikatu irudian

ZELULA DENDRITIKOAK*

Humoralaren irudian "zelula dendritikoak" ikusiko zenituzten. Zelula immunokonpetente hauek, bai interesgarriak (gure liburuan ez dira agertzen). Zelula berezi hauek oso espezifikoak dira pategenoaren ezgutzan. Euren mintzean, asko laburtuz, TLR (Toll Like Receptor) erako hartzaile bereziak dituzte. Hauek, pil-pilean daude azken urteotan, euren espezifikotasuna dela eta. Izan ere, patogenoen "bereizgarri" diren egitura eta molekulak ezagutu ditzakete. Era askotako TLR-ak daude eta bakoitzak egitura konkretu bat detektatzen berezitua dago; bakterio gramnegatiboen LPS-ak, bakterioen flageloen flagelina, birusen kate bakarreko RNA molekulak, ... beraz, ikus dezakezuenez, APC bezala funtzionatzen dute eta gainera, patogenoa era askozaz espezifikoago batean antzematen dute. Honek, erantzun azkarrago, espezifikoago eta eraginkorrago bat bermatzen du.

Erantzun zelularrean ere parte hartu dezakete; hona hemen lehengo irudia moldatua.
Erantzun zelularra zelula dendritikoak barne. Originala ikusteko klikatu irudian.

2016(e)ko apirilaren 7(a), osteguna

Txertoak? bai noski! eta beste arma batzuk ere bai!

Aitatxo izan berria naizela (nere bizitzako proiekturik ederrena, bide batez), nire bizitzako ordu guztiak nere alabari poz handiz eskaintzeaz gain - blogeko sarreretan izan dudan "paroian" ikusi ahal izan den bezala - bere sistema immunologikoak jasoko dituen "ikastaro" guztien berri izatea tokatu zaigu; txertoak alegia.
Euskadin Osakidetzak duen txertoen programa (2016)

Zer dira txertoak?