2016(e)ko apirilaren 7(a), osteguna

Txertoak? bai noski! eta beste arma batzuk ere bai!

Aitatxo izan berria naizela (nere bizitzako proiekturik ederrena, bide batez), nire bizitzako ordu guztiak nere alabari poz handiz eskaintzeaz gain - blogeko sarreretan izan dudan "paroian" ikusi ahal izan den bezala - bere sistema immunologikoak jasoko dituen "ikastaro" guztien berri izatea tokatu zaigu; txertoak alegia.
Euskadin Osakidetzak duen txertoen programa (2016)

Zer dira txertoak?


Hasteko, gure burua testuinguruan kokatuko dugu. Gaixotasun kutsakorrak "saihesteaz" ari gara. Hau da, txertoek gure sistema immunologikoa hezten dute eta gaixotasun kutsakor baten eragile den patogenoarekin aurrez-aurre topatzen denerako prestatu egiten dute. Patogeno horren ahuleziak ageria lagaz, honi aurre egiteko.

Erraza ezta? ba bai eta ez. Txertoa garatzean dago koska. Zein izango da patogeno horren ahulezia? Gure sistema immunologikoari erakutsi ahal izateko, lehenengo guk geuk ikasi eta ezagutu beharko dugu agente horren itua.

Baina lehendabizi, gaur egun, gaixotasun kutsakorren aurka ditugun estrategiak ondo sailkatuko ditugu.


Zer dugu gaixotasun kutsakorren kontrolerako?
  • Prebentzio edo profilaxi neurriak: Gaixotasunarekin kontatua izan aurretik gure sistema immunizatzeko edo entrenatzeko armak. Hauen artean Txertoak ditugu.
  • Sendatzeko metodoak: Behin gaixotasunarekin (patogenoarekin) kontaktuan sartu garela (kutsatu garela, alegia) sendatzeko erremintak. Hauen barnean substantzia kimioterapeutikoak (antimikrobiano hautakorrak) egongo dira. Mikroorganismoen hazkuntzan eragina (kontrola) izango duten substantziak, hazkuntza galaraziz edo, zuzenean mikroorganismoa akabatuz.
Jarraitu aurretik, lehendik ere definituta ditugun kontzeptu batzuengan erreparatzea gustatuko litzaidake. Antimikrobianoak aipatzean, mikroorganismoen taldean sailkatzen ditugun guztien aurka (kontrolerako) balio duten substantziak eta teknikak (fisikoak,...) egongo lirateke. Euren helburua kutsadurak galaraztea (ebakuntza geletan, materialen erabileran, laborategian egindako saiakuntzetan,...), gaixotasun kutsakorren zabaltzea ekiditea, elikagaien moduko produktuen deskonposaketa saihestea,... mikroorganismoak hil edo haien hazkuntza galaraziz.


Definizio txiki batzuk jarraitu baino lehen;
  • Desinfekzioa: material bizigabean dauden mikroorganismo gehienak akabatu; kloroa, ozonoa, etileno oxidoak,... 
  • Antisepsia: gainazal bizidunetan (larruazala kasu soilik) dauden mikroorganismo gehienak akabatzea; Alkohola (%70), iodoa (betadine), hidrogeno peroxidoa %3 (ur oxigenatua) eta metal astunak (zilarra nitratoa,...). Hauek kanpo-tratamenduetan (gainazalekoa edo azalerakoa; zauriak,...) erabili daitezke baina, pentsaezina da barne-tratamenduetarako erabiltzea.
  • Esterilizazioa: material batean, bizidun zein bizigabe, dauden organismo guztiak akabatu

Patogeno edo mikroorganismoengan duten eraginaren arabera, germizidak (patogenoarekin akabatzen dutenak; bakterizida, fungizidak, algizidak eta birizidak) edo germistatikoak (patogenoaren hazkuntza gelditzen dutenak; bakteriostatikoak, fungistatikoak, algistatikoak eta birustatikoak).

Higienizazio prozesuak, mikroorganismoen kontzentrazioak, kontsumorako higienikotzat hartzen diren mailetara gutxitzeko erabiltzen diren prozesuak dira.


Orain artekoaren eskema laburtu bat nahi?

Ikusi ditugun kontzeptuak labur ordenatuz honakoa esan genezake:

Antimikrobianoen barnean:

- Eragile fisikoak: Tenperatura (hotza eta beroa), iragazketak eta erradiazioak
- Eragile kimikoak: Antiseptikoak, desinfektatzaileak eta substantzia kimioterapeutikoak (azken hauek hautakorrak diren bakarrak eta zeintzuengan artikulu honetan erreparatuko dugun).

Beraz antimikrobiano guztien barnean eta eragile kimikoen barnean, substantzia kimioterapeutikoak ditugu. 

Gertatzen dena zera da, antimikrobianoen barnean hautakorrak diren eta ez diren substantziak daudela, beraz azken hauek, ostalaria ere kaltetu dezakete euren toxikotasuna dela eta, edo egiten duten eragin ez hautakorra bide. Hauek noski, ez dira terapian erabiltzen. Ordea, substantzia kimioterapeutikoak, antimikrobiano hautakorrak direnez, eta izenak dioen bezalaxe, terapian erabili daitezke

Antibiotikoak, hauen barnean dauden arren, soilik bakterioen aurka balioko duten kimioterapeutikoak dira. Are gehiago, bakterioen aurka balio dutenak eta jatorri naturalekoak (bakterio batzuek edo onddoek, beste bakterio batzuen kontra garatzen dituzten substantziak) direnak soilik sartuko dira antibiotikoen barnean. Gehien jota, substantzia natural hauek, batzuetan, estrukturalki aldaketa kimiko batzuk jasaten dituzte eraginkortasuna bermatzeko (erresistentzien aurka adibidez); hauek, eraldatuak edo erdi-sintetikoak deritzetenak ere, antibiotikoen barnean sartuko lirateke. Baina, adibidez, kinolonak eta sulfamidak, bakterioen aurka balio duten arren, erabat sintetikoak izatearen ondorioz, antibiotikoen taldetik at sailkatzen dira baina, hori bai, antimikrobiano kimioterapeutikoen barnean.

Beste kimioterapeutiko batzuk honakoak izango lirateke, esan ditugun sulfamida, kinolona eta antibiotikoetaz gain:
  • Antimikotikoak: Onddoek sortutako gaixotasunen aurka erabiltzen diren substantziak dira. Bigarren mailako efektu ugari izaten dituzte; onddoak zelula eukariotikoz eginda daude eta hauen metabolismoak antzekotasun handi dauka ostalariaren (gizakion kasuan) zelula eta hauen metabolismoarekin. Beraz onddoen aurkako toxikotasunak itua topa dezake ere ostalariaren zeluletan eta hauengan ere efektua negatiboak sortu.
  • Antibiralak: Birusek zelula ostalarian erabiltzen dituzten makinaria eta prozesu metabolikoetan eraginez, birusen erreplikazioa galarazten diharduten substantziak dira. Noski, birusek erabilitako prozesu hauek, zelulek beren normaltasunean ere erabiltzen dituzten tresnen bidez aurrera eramaten direnak, inhibitu edo oztopatuz gero, zelula arrutengan efektu negatiboa sortu dezakete (toxikotasuna ostalariarekiko) eta beraz, bigarren mailako efektuak sortu.
Askotan birusen aurkako molekula bereziak erabiltzen dira: interferoia. Animalia zelula askok sortzen dituzten birusen erreplikazio prozesuak mozteko. Amorruaren rabdobirusaren tratamenduan erabiltzen da adibidez.


Immunitate motak

Baina, egin dezagun memoria apur bat; substantzia kimioterapeutikoak, sendatzeko erabiltzen ditugun "tresnen" barnean sailkatu ditugu pittin bat gorago. Hau da, dagoeneko gaixo gaudenean edo patogenoarekin kontaktuan sartu garenetik aurrera eta gaixotu garenean. Baina zer egin dezakegu lehenago? Zer egin dezakegu gaixotu aurretik (prebentzio edo profilaxia)? Nola entrenatu dezakegu gure sistema immunologikoa, etsaia ailegatzen denerako prest egon dadin? Bikain! Txertoetara hurbiltzen goaz! Animo!

Ikusi dugun bezala pasaden sarrera honetan, eta ondorengo egunetan, klasean ere ikusiko dugun legez, bi eratako immunitateak ditugula esan genezake; berezko immunitatea eta hartutako edo modaerazko immunitatea.

Berezkoa jaiotikoa da. Tresna edo estrategia horiekin jaio ginen. Immunitate hau ez da batere espezifikoa eta modu orokor batean erantzuten du ostalarian "sartu" daitekeen edozein arrotzen kontra. Berehalako erantzuna da baina ez du "oroimenik" garatzen, hau da, ez du estrategia konkretu bat garatzen eta ostalariaren "bizitza guztirako" oroitzen (bigarren aldi batez patogeno horrekin kontaktuan sartuko garen zain). Gure hesi fisiko, kimiko, mikrobiologiko, neutrofiloa, makrofago, NK zelula, konplementuko sistema osagarriko proteinak eta zitosinek parte hartzen dute.

Hartutako edo moldaerazkoa immunitatea, izenak dioen moduan, bizitzan zeharreko "kontaktuekin" ikasiko ditugun eda heziko ditugun teknikak izango dira. Bizitzan zehar lortzen dugu. Hemen linfozitoek (T eta B) eta azken hauek sortu eta askatuko dituzten antigorputzek hartuko dute agintea. Jarraitzeko antigorputz hauen produkzioak du giltza. Izan ere, umeki edo jaioberrien kasuan, oraindik sistema immunologiko heldugabeak dituztenak edota edonolako gaixotasunen ondorioz euren antigorputz espezifikoak sortzeko gai ez diren banakoen kasuan moldaerazko immunitatea pasibo bat piztu beharko dugu. Ordea, baldintza arruntetan, antigorputz propioak sortzeko gaitasuna daukaten indibiduoetan moldaerazko immunitate aktiboa martxan jarriko da edo jarriko dugu; azken hau txertoen bidez.

Jarrai dezagun partez-parte eta labur.


Moldaerazko immunitate pasiboa bi eratako izan daiteke:
  • Berezkoa: Antigorputzak, berez edo naturalki organismo batetik bestera pasatzen direnean. Umekien kasuan plazentaren bidez edota jaioberriei, edoskitzearen bidez, amatxok pasatzen dizkio behar dituzten antigorputz horiek, euren sistema immunologikoa heltzen den bitartean
  • Artifiziala: Serumen bidezkoa. Beste organismo bat aktiboki immunizatu ondoren, guk apropos (artifizialki) eginda txertoen bidez edo berez (naturalki) antigeno konkretu batekin kontaktuan egona delako aldez aurretik, sortzen dituen antigorputzak bere odoletik isolatu eta prestakin baten bidez, seruma, beste organismo bati "sartuko" zaizkio, azken honen tratamendurako.
Noski, honek pazienteari, berehalako immunitatea emango dion arren, aldi laburrerako baino ez dio balioko. Tratamendu hauek, tetanos edo botulismoaren kasuan bezala, patogenoarekin kontaktuan jarri eta gero ostalariak antigorputzak naturalki sortzeko astirik ez duenean edota pazienteak immunoeskasiaren bat duenean oso baliagarriak dira.

Serum motak antigorputzen jatorriaren arabera.

Serumaren jatorria, antigorputzena zehazki, animalia bat izatekotan serum heterologoa deritzo. Kasu hauetan animaliaren proteina espezifiko batzuen presentzia bide, pazientean "sartzean" (zainen bidez) hipersentsibilitatea-erreakzioak suerta diezazkioke (alergiak). Ordea, jatorria beste gizaki bat izatekotan, serum homologoa deritzogu. Ez dute alergia arazo hauek ematen eta immunitatea luzeagoak bermatzen dituzte.

Serumak edo beste organismoetan lortutako antigorputzak honako gaixotasunetan erabiltzen dira: alargun beltza armiarmaren ziztada tratatzeko (zaldian lortutako antipozoia), botulismoaren kasuan antitoxina botulinikoa (zaldian lortua), difteria, elgorria, tetanos, barizela, zitomegalobirusa, A eta B hepatitis,...


Moldaerazko immunitate aktiboaren ordua da! pilak jar ditzagun!

Hau ere bi eratakoa izan daiteke:
  • Berezkoa: Berez edo era naturalean patogeno batekin kontaktuan jartzen garenean. Gaixotasun bat "pasatzen" dugunean, gaixotzen gara bai, baina gure sistema immunologikoak "irabazten" badu, etsai horren aurkako guztia ikasi du eta hurrengo baterako prest egongo da (oroimena). 
Askotan, txertoen aurkako mugimenduetan, era natural hau gertatzen laga behar dugula diote argudio moduan eta, hala, era natural batean ere, gaixotasunen aurka immunizatzen joan. Ez naiz gehiegi sartuko eztabaida honetan orain, baina, beldurra ematen dit askok "natural" hitza erabiltzeko duten erraztasuna eta era. Ikaratu egiten nau oso. Hala ere argudiorik hoberena kasuistika bera da. Munduan ditugun gaixotasunek jota, era "naturalean", tamalez, gehiegi hil egin dira, bigarren kontaktu bat izango ote zuten, dagoeneko gehiegi inporta ez zaielarik.
  • Artifiziala: Iritsi gara!! nola aktibatu dezakegu guk artifizialki sistema immunologiko bat, kalterik sortu gabe (sekundario batzuk kenduta, kasu batzuetan) edo bizitza kolokan jarri gabe, benetako kontaktu bat izatean prest egon dadin? Txertoak!!!

Txertoek izan behar dituzten ezaugarriak

Txertoek zenbait ezaugarri bete behar dituzte. Alde batetik seguruak izan behar dira. Efektu sekundarioak kasu batzuetan dokumentatu diren arren hauek duten maiztasun oso urria da eta gaixotasunek, era naturalean pairatzekotan, izan ditzaketen alde-arazoen efektu larriak kontutan hartuta eta populazioaren artean transmititzeko ahalmena kontutan edukita, txertoak seguruak dira, bai. Bigarren ezaugarri bat immunogenotasuna izan behar dutela da. Erantzun immune bat sortzeko gaitasuna izan behar dute, bestela txerto horrek ez luke zentzurik izango. Norbanakoen baldintzak direla eta, txertoak ez dira beti biztanleriaren %100ean babes eraginkor baten sustatzaile, naiz eta %90-95 bitartean egon daitezkeen, elgorriaren eta B Hepatitisaren txertoa kasu. Txertoa aplikatzeko biderik egokiena (ahoa, larruazala edo muskularra) bilatu behar da ere, eraginkortasuna areagotzeko. Beste ezaugarri garrantzitsu bat, txertoek ahalik eta iraupen luzeagoko babesa eman behar dutela. Askotan bizitza guztirako babesa ematen dute. Beti ere txerto motaren arabera eta emandako dosien arabera izango da azken hau.


Txerto motak

Txertoak era desberdinekoak izan daitezke aktibazioa eragiteko daramatenaren arabera:
  • Txerto bizi arinduak: Patogeno biziekin prestatzen dira hauek. Aldez aurretik birulentzia murriztua duten patogenoak, noski. Baina ahalmen immunogenikoa mantentzen dute.
Patogenoaren anduia edo mutante ez birulentoak lortzeko bi era erabiltzen dira. Alde batetik patogenoa aurkako kultibo baldintzetan (birusa bada, lerro zelular egonkorretan zehar edota hegaztien arrautzetan, eta bakterioa bada, kultibo medioetan) behien eta berriro haziz, azkenean patogenotasuna ematen dioten gaitasunak galtzen ditu (birulentzia galtzen du) baina izakiak infektatu eta bertan erreplikatzeko gaitasuna mantentzen du. Anduia hau da txertoetan erabiliko dena. Beste era bat, manipulazio genetikoa izango litzateke, birulentziaren geneak kendu, eraldatu edo "itzaliz".

Txerto mota honek abantailak eta desabantailak ditu. Abantailak, dosi txikiekin oso immunogenikoak izaten direla eta epe luzerako immunitatea ematen dutela. Desabantailak, Hozkailuan gorde behar direla auen mantenurako. Duten aktibitatearen ondorioz forma birulentora bueltatu (mutatu) daitezke. Gainera kasu batzuetan, txerto hauek, gaixotasunak berak sortu ditzakeen beste alde-arazo batzuekin asoziatu daitezke baina maiztasun askozaz ere baxuagoarekin; adibidez, elgorriaren txertoaren ondorioz entzefalitisa pairatu zuten kasu gutxi batzuk identifikatu dira. Entzefalitisa, elgorriak jotako pazienteetan garatzen den alde-arazo arrunt bat izaten da. Hala ere, txertoen aurkako militanteentzako oharra, elgorria sufritzean entzefalitisa pairatzeko aukerek, alde handi dute txertoaren ondorioz sufritzearekiko (1/1.5 milioi txertoa jaso duten kasuren artean). Beraz, txertoak 1, gaixotasuna era "naturalean" sufritzea eta beste lankide eta eskolakideak kutsatzeko aukera handiak, 0. (Txertoek funtzionatzen dutenaren dudarik?) Gainera txertoak ez jartzearen ondorio latzak eta tristeak izan ditugu egunotan; ahaztuta genituen etsaien itzulera.

Txerto hauen artean: Elgorria, Parotiditisa, Errubeola (hiru hauei batera, "hirukoitz birikoa" deritze), Poliomielitisa (Sabin), Errotabirusa, Tuberkulosia, Barizela, Sukar Horia.

  • Txerto hilak edo ez-aktiboak: Hauek ere patogenoa osoa daramate barnean (erabateko txertoak deritze gure liburuak). Patogenoa, metodo fisiko (beroa) edo kimikoak (formola, azetona,...) erabiliz, ez-aktibatu edo hil dezakegu. Ez dute, ez gaixotasuna sortzeko kapazitaterik ezta ostalariaren barnean erreplikatzeko gaitasunik. Gaitasun immunogenikoa dute, nahiz eta txerto arinduena baino murriztuagoa izan.

Patogenoa ez-aktibatzeko edo hiltzeko prozesuan zehar, antigeno bezala funtzionatzen duen "zatia" aldaketaren bat jaso dezake (desnaturalizazioren bat kasu) eta beraz, interesatzen zaigun ahalmen immunogenikoa galduko genuke. Kontuz ibili behar gara honekin txerto hauek garatzeko momentuan.

Txerto hauen abantailen artean, aldatzeko aukerarik ez dutela eta beraz ezin direla forma birulentoetara bueltatu. Beraz biltegiratzeko eta garraiorako erraztasun handiagoak ematen ditu hotzetan gordetzearen beharra ez dagoelako. Desabantailak, txerto arinduek baino dosi altuagoak behar izaten dituztela eta askotan oroimeneko dosiak ere beharrezkoak direla. Immunitate humorala besterik ez dutenez pizten, babes motelagoa eta iraupen laburragokoa izaten dira.

Txerto hauen artean: Kolera, Gripea, A Hepatitisa, Izurria, Poliomielitisa (Salk), Amorrua,...

  • Purifikatutako makromolekulekin egindako txertoak: patogenoaren zati konkretuekin egindako txertoak dira. Mota desberdinak:

- Toxoideak dituzten txertoak (antitoxikoak) ditugu alde batetik. Hauen kasuan, patogenoak jariatzen duen toxina eraldatuarekin (toxikotasuna "kentzeko") prestatzen dira txertoak. Hala ere gaitasun immunogenikoa izaten jarraitzen dute, noski.

Tetanosa eta Difteriaren kasuak honelakoxeak dira.

- Beste alde batetik, beste txerto mota bat dugu talde honetan bakarrik patogenoaren zati (antigenoa) konkretu bat daramatenak; antigeno garbituekin osaturiko txertoak edo azpiunitate garbiez egindakoak ere deituak. Hauen zailtasuna handia, patogenoaren zein zatitxo konkretuk (antigenoa) pizten duen erantzun immunea jakin behar dugula aldez aurretik da. Adibidez, birusaren kapsidako proteinatxo bat edota bakterio baten kapsulako polisakarido konkretu bat izan daiteke. Molekula garbi bat erabiltzen denez, birulentzia gaitasunik gabekoa (soilik gaitasun immunogenikoa duena) txerto hauen dosiak altuagoa izan daitezke alde-arazorik sortuko duten beldurrik gabe. Eraginkortasun handiagokoak izango dira beraz.
Horrelakoak dira B Hepatitisa, Kukutxeztula eta Estreptokokoek sortutako Neumoniaren txertoak.


  • Beste txerto mota bat, anti-idiotipoak dira. Hauen kasuan antigeno espezifiko baten "itxura" daukan antigorputza sartzen zaizkio pazienteari. Itxura baino ez dutenez, ez dute efektu birulentorik sortuko gorputzean. Haien kontrako antigorputzen produkzio bat egongo da pazientean. Beraz, "benetako" antigenoa detektatzekotan sortu dituen antigeno horiek immunizatua mantenduko dute pazientea. Tumore-zelulen antigenoekiko prestatzen dira gaur egun eta, lortutako emaitza kliniko esperimentalen arabera, etorkizun nabarmena eduki dezakete.


Zer gertatzen da gure gorputzean txerto jaso ondoren?

Txertatu ondoren prozesua, oso laburki, honakoa izango litzateke:

1.- Patogeno arindua, ez-aktibo, hilda edo patogenoaren zatiren bat (antigenoa) pazientearen gorputzean sartu egingo da.

2.- Zelula dendritikoek (eta makrofagoek) patogenoa edo egitura arrotza prozesatu eta ezagutuko dute.

3.- Hauek (zelula antigeno aurkezleak deritzenak) gongoil linfatikoetarako migrazioa jasoko dute, berton T linfozitoen aitzindariei antigenoa aurkeztuko dietelarik, azken hauek aktibatuz (T linfozito aktiboetan bilakatuz).

4.- T linfozitoak, bi eratakoak dira; T linfozito zitotoxikoak (CD8); infektaturiko beste zelulen bila abiatuko direnak, horrelakoren bat detektatzekotan berehala suntsituko dutelarik, efektu zitotoxikoaren ondorioz (erantzun zelularra; hildako txertoak erabiltzen direnean ez da erantzun zelularrik ematen birusek ez dutelako zelulak infektatzeko gaitasunik; txerto hauekin zuzenean erantzun humorala pizten da), eta T linfozito laguntzaileak (CD4), B linfozitoak aktibatzeaz arduratuko direnak (erantzun humorala bideratuz).

5.- T linfozito aktibo hauek, B linfozitoei "mezua pasatuko" diete eta aktibatuko dituzte. Azken hauek antigeno eta, ondorioz, patogeno horren aurkako antigorputz espezifikoak garatuko dituzte (zelula plasmatikoetan bilakatuz) eta odolera askatuko dituzte antigeno gehiago bilatu eta suntsitzeko (humorala).

6.- Bitartean, B linfozito batzuk (oroimeneko B linfozitoak) organismoak gordeko ditu hurrengo batean, berriro patogeno horrekin kontaktuan sartzekotan prest egoteko eta azkarrago eta indar gehiagorekin suntsitzeko. 

Zer gehiago dute txertoek? Beldur asko sartzen dizkigute ezjakintasunaren ondorioz, lasai. Jarraitu irakurtzen.
http://www.compoundchem.com/2015/02/10/vaccines/

Batzuetan, txertoaren efektua areagotuko duten laguntzaileak erabiltzen dira. Txertoarekin batera aluminioaren deribatuak (gatzak), olioa uretan eta ura oliotan-erako emultsionatzaileak, liposomak, birosomak, E bitamina,... erabili daitezke. Molekula laguntzaile hauek ostalariaren zelula dendritikoak aktibatuko dituzte eta horrela txertoak aktibatuko duen efektua emendatu eta eraginkorragoa bilakatuko dute. Zelula dendritikoek, arrotz konkretu bakoitza espezifikoki (konkretuki bere zatiren bat) ezagutu dezaketen mintzeko hartzaile berezien sorta gara dezakete. Hauek Toll erako hartzaileak dira (TLR); adibidez TLR-4 hartzaileek bakterioen lipopolisakaridoak (LPS) detektatzen dituzte eta TLR-7 erakoak berriz, zenbait birusen kate bakarreko RNA zatiak. Historian zehar badaude kasuak zeinetan bakterioen LPS-ak gehitu zitzaizkiela txertoei baina, hauen izaera toxikoaren ondorioz, alde-efektua nabarmenak sortzen zituzten pazientean. Gaur egun erabili egiten dira zenbait txertotan, baina suposatu dezakezuenez, teknika berriekin garbituak eta detoxifikatuak izan ondoren.

Zelula dendritikoak, TLR hartzaile espezifiko hauei esker, besteak beste, bestelako teknika (immunoterapia) berritzaileetan erabiltzen ari dira. Adibidez tumore zelulen detekzio (hauen gainazalean azaleratzen diren antigeno bereziak lotuz) eta suntsitze espezifikoak. Kimioterapia baino hautakorragoa (espezifikoagoa) izango litzatekeen teknika bat. Baina hau guzti hau, interesgarria oso, beste sarrera baterako utziko dut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina