Birusak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Birusak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko urriaren 4(a), asteartea

Egitura birikoak Platanus hispanica-ren fruituetan?? #naturaikasgela

Gogoan gordetzen dut, eta ondo gorde ere, aitonarekin batera, zuhaitz hura etxe ondoko lorategian landatu nuenekoa. Gogoan dut lorategi hura ere. Auzokide guztiak esertzen ziren zuhaitz haien gerizpean, euren egun eta tirabirei buruz berbetan. Auzo osoak konpartitzen zuen lorategia bazen ere, nire aitak eta aititek inausten zituzten arbolak. Belarra ere, eurak mozten zuten. Euren esku hartu zuten ardura hori. Egia esan, nik askotan laguntzen nien, baina behartuta. Mutil koskor bat baino ez nintzeneko momentu hartan, ez nekien ze nolako saminez oroituko nituen bizipen haiek urte batzuk geroago. Ezta nire memorian izango zuten, eta betirako izango duten pisu ikaragarria ere. Zenbat damutzen naizen momentu haiek behar bezala disfrutatzen ez jakiteagatik. Alegia, behar baten moduan bizi izana. Zenbatezina, orain emango nukeena une horiek berriro bizitzeko aukera izango banu... Ez nuke beharrez edo nekez egingo, ez. Ezta gutxiago ere.

Urte batzuk pasatuko ziren, herbario bat egiten hasiko nintzenera arte. Landatu genuen zuhaitz hura, isil-isilik, handitzen eta sendotzen jarraitzen zuen. Ordurako nire buru eta bizi-filosofiari buelta gutxi batzuk emanda nengoen. Orain dudan oroitzapen preziatuenen artean, aitte, aittitte eta hirurok herritik bueltaka genbiltzanekoa da, topatzen genituen zuhaitz eta zuhaixka guztien hosto, fruitu, lore eta enbor-azal zatiak biltzen. Aititeren "botanika klase" interesgarriak adi entzuten nituen bitartean. Fruta-arbolen txertaketaren inguruan ere asko irakasten zidan, baina hori beste baterako lagako dugu, transgenikoen aurka eta orokorrean, bioteknologiaren kontrako argudioak dituztenekin solasean aritzeko.

Bildu genituen laginen artean auzoko lorategiko zuhaitz horietan erreparatu genuen, nola ez. Urteak atzera elkarrekin landatu genuen zuhaitz horrek, gora egin zuen. Ederra litzake bere laginak hartzea herbarioaren osotasunean gordetzeko. Hara non, auzoan horrenbeste itzal-ordu eman zizkiguten zuhaitz haiek Platanus hispanica zuten izen zientifikoa. Gaur egun, gutxi batzuk baino ez dira geratzen auzoan egindako espaloi handi baten obra berri batzuen ondorioz. Platanondoak ez ziren noski, baina fruitu esferiko ederrak garatzen zituzten. Ezin herbarioaren orriak ondo itxi fruitu demonio horiek hartzen zuten bolumenagatik.


Urte dezente pasatuko ziren irailaren amaieraren arratsalde hotz batean, txakurrarekin paseatzen nengoela, nire begirada zuhaitz honen fruitu erorietan erreparatzen geratuko zen arte. Berriro fruitu hura nire begiradaren aurrean. Oraingoan aitonaren botanika klaseak, oroimenean baino ezin ziren entzun. Baina ez zen ez, botanikaren ikuspuntuak begirada blokeatu zidana. Edo bai? zergatik ez? edo artearen sareak lotuta neukan? Naturan topatzen dugun edertasun neurrigabekoa. Gure ingurunean dauden marra eta lerro hunkigarri eta ederretan antzekotasunak topatzeko beharra. Edonon topatu daitekeela irakaspen eder bat frogatuz. Metaforak metafora, zientzia eta artea elkartuz, imajinazio edota fantasia pittin bat gehituz batzuetan, ikusi, ikasi eta disfrutatu dezakegun hori guzti horretan barna gidatzen.

Geometria erakusketa paregabea. Fruitu hura begiratuz birus "beldurgarrien" itxura zeukala iruditu zitzaidan. Itxura baino ez zen arren, birusen egitura irakasteko estrategia modura erabiltzea bururatu zitzaidan. Egia esan geometrian izan ezik, ez du bestelako parekotasunik. Baina bere edertasunak liluratu neukan.















Irudian ikus dezakegun bezala, nukleokapsida deritzogun barneko egitura hori, zurruna da zuhaitzaren fruituaren kasuan (poliantokarpoa), eta bertara atxikituta kanporantz, hazia gordetzen duten egitura bitxi piloa (akenioak). Birusaren metaforan berriz, hazi modura material genetiko birikoa izango genuke eta egitura zurrun horren periferian kokatua egon beharrean, barnean egongo litzateke, kapsidaren barnean alegia.

Adibide hau, bildukia duen birus batena izango litzateke. Hau da, mintz plasmatiko batez inguratuta edo bilduta dauden birusak.

Jakin nahi baduzu gehiago birusei buruz klikatu hemen

Baina desberdintasun eta zehaztasunak alde batera, txikitan landatu nuen zuhaitz horren fruituek, naturaren edertasuna nire ikasleekin konpartitzeko beta eman zidaten. Hala da bai, aitonarekin batera, etxe ondoko lorategian landatu nuen arbola Platanus hispanica bat izan zen. Eta gogoan baduzue, lehen esan dizuedan bezala, lorategi hura espaloi handi batengatik ordezkatu zuten. Hala ere, bi eremu txiki mantendu dituzte eta zuhaitz gutxi batzuk salbatu dira. Eta, aittitte, han jarraitzen du elkarrekin landatu genuen hura. Han jarraitzen du.

Zauden leku horretako lorategiak eder izango dituzulakoan...

2016(e)ko uztailaren 6(a), asteazkena

Garunari AAV troiar batekin iruzur egiten

Denbora asko hesi hematoentzefalikoaren inguruan bueltak ematen nabilela. Gogoan duzue? (Frodo eta Mordorren barneratzeko tirabirak eta ultrasoinuen trikimailuak). Komentatu genituen kasuak gogoan badituzue, gure farmako konkretuak, berez ditxosozko hesi hau gainditu ezin zutenak, nerbio sistema zentralean (NSZ) barneratzen laguntzeko teknikak edo bidezidorrak ziren. Kasu honetan farmako bat baino, gene batzuk barneratzeko teknikei buruz hitz egingo dizuet. Zer ari da esaten tipo hau? Geneak garunera eraman? Zertarako nahiko nuke gene arrotz batzuk nire garunera eraman?

Erantzuna erraza da. Berez terapia genetikoa edo gene-terapiaren kontzeptuarekin erantzungo nuke galdera multzo hori. Hau da, paziente baten gene eraldatu, mutatu, edota azken finean, akastunak, "ondo funtzionatzen" duten beste batzuengatik ordezkatzea. Farmakoak garunera eramatea zaila bazen, pentsa geneak eraman, zeluletan barneratu, hauen nukleoan barneratu eta genea akastunengatik ordezkatzea nolako "emozioz jositako" bidea izan behar duen. Mordorren sartzea ezin zen erraza izan, ez. Baina, egon une batez... ez al duzuen ezagutzen material genetiko zeluletan barneratzen duen mikroorganismorik? Pistatxo bat nahi? Egiten duen bizi zikloaren arabera, bere material genetikoa (geneak) "infektatutako" zelula ostalariaren DNA-n barneratzeko (probirus gisa) gai diren mikroorganismoak alegia? birusak noski!!! Gogoratu nahiko zenuke birus baten egitura?

Baina birusak ez ziren txarrak? Galdera hau beste noizbait eztabaidatuko dugu, baina bagoaz ikusten erantzuna ezezkoa dela. Birus guztiak ez behintzat. Eboluzioan ere, garrantzi handiko rolak bete dituzte.

Ba bai. Birus ezagun eta eraldatu batzuetan, guk nahi dugun genea sartu dezakegu eta gure itu zelulak infektatzen dituenean, "gure genean", infektatutako zelularen DNA-n barneratu eta berton, gene akastuna ordezkatuz, bere lana egiten hasi; gene horrek kodetzen duen proteina adierazten hasi. Horrela paziente horren gabezia (gaixotasuna edo sintomak) minimizatu edota guztiz sendatu dezakegu.
AAV birusen erabilera gene-terapian, hesi hematoentzefalikoa saihestuz.
Hesi hematoentzefaliko saihestu dezaketen birus hauei, AAV deritze ingelesezko adeno-asociated virus izenetik. Hitz gutxitan, birus hauen erreplikazioa (bizi zikloa) adenobirus (edo herpesbirus) baten laguntzaren menpekoa da. AAV-ak itu zelula infektatzen du eta bere genoma biriko txikia, probirus eran, ostalariaren genoman barneratua geratzen da latentzian (ziklo lisogenikoa). Adenobirus batek, zelula hori infektatzen duenean, honek dakarren gene laguntzaile (helpper) batzuen eraginez, AAV-ren probirus hori aktibatuko du, ziklo litikoari hasiera emanez; AAV-ren erreplika asko sortuko dira. Itu zelulatik askatu eta ostalari berrien bila abiatuko direlarik.

Baina, oraindik ez dut ulertzen zertan lagundu diezaguken birus honek? Eta nola dakigu hesi hematoentzefalikoa zeharkatzen duela?

Bigarren galderatik hasiko naiz. Ikerketa batzuk egin dira AAV errekonbinanteak erabiliz. Errekonbi... zer? lasai. Birusa eraldatu egin dugu eta bere genoman, ezaguna dugun proteina fluoreszente bat kodetzen duen DNA sekuentzia (genea) barneratu dugu. Pazientea (sagua) infektatzean, birus hauen itu zelulak neuronak izanik, hesi hematoentzefalikoa gainditu beharko luke neuronetara ailegatzeko. Hara non, saguen neuronetan, fluoreszentzia detektatu zutela. 

Orain bai, ulertu da, ezta? AAV errekonbinanteek (rAAV) hesi hematoentzefalikoa gainditzeaz gain, neuronak infektatu eta gure genea bertoko genoman barneratu zuten. Azkenik, gure geneak kodetzen duen proteina adierazten hasi da ere. Ikusi hemen artikulu originala.

Beraz, lehenengo galderara bueltatuz, zertarako balio dezake honek? berez, neuronetan kaltetuta dagoen gene bat, birus batean bidaltzen dugun batekin ordezkatu dezakegu. Honekin dena dago esanda, egia esan. Hala ere, gogoan izan, gauzak esatea egitea baino askozaz errazagoa izaten dela. Ikerketek aurrera egin beharko dute. 

Konkretuago, zertarako balio dezake honek? Adituen esanetan Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA), Parkinson gaitza, Alzheimer gaitza eta bestelako gaixotasun neuronal eta endekapenezko gaitzak sendatzeko balio dezake; "txarto" dabiltzan geneak "ondo" dabiltzan berri batzuengatik ordezkatuz.

Kontutan hartzeko faktoreak birus (bektore) egokien aukeratzeko:
  • Bestelako gaixotasunik eragingo ez duena.
  • Mugatzailea izaten da, birusen tamaina dela eta, barnean sartu daitekeen material genetiko zatiaren tamaina (base nitrogenatu kopurua; kbp)
  • Ziklo lisogenikoa egin beharko du, bere material genetiko "birikoa" (egia esan, guk sartu diogun genearekin), probirus eran, zelula ostalariaren DNA-aren baitan barneratuko duelarik. Bertan gene hori(ek) espresatuak izan beharko dira.
  • Birusaren espezifikotasuna kontutan hartu beharko genuke. Eraldatuz edo berez, gure itu zelulak, espezifikoki infektatuko dituelarik.
  • Birusak (kapsidako proteinek) ez dute erantzun immunologiko bat piztuko (ez dira immunogenikoak izan behar). Birus adeno-elkartuen edo adenobirusekin lotutako birusen (ingelesezko AAV edo adeno-associated virus) ezaugarria da.

Erreferentziak

2016(e)ko apirilaren 7(a), osteguna

Txertoak? bai noski! eta beste arma batzuk ere bai!

Aitatxo izan berria naizela (nere bizitzako proiekturik ederrena, bide batez), nire bizitzako ordu guztiak nere alabari poz handiz eskaintzeaz gain - blogeko sarreretan izan dudan "paroian" ikusi ahal izan den bezala - bere sistema immunologikoak jasoko dituen "ikastaro" guztien berri izatea tokatu zaigu; txertoak alegia.
Euskadin Osakidetzak duen txertoen programa (2016)

Zer dira txertoak?


2016(e)ko otsailaren 22(a), astelehena

Antibiotikoak? Baina zentzudunez!!!!

Gogoan izan antibiotikoak, bakterio patogenoen tratamenduan (esparru klinikoan ari nahiz , noski) erabiltzen ditugun substantzia antimikrobianoak (naturalaknatural-eraldatuak edota sintetikoak; kimioterapeutikoak) direla. Substantzia hauetariko bakoitzak bakterio konkretu (edo talde) bat eta maila desberdin batean erasotzen du. Beraz, hauek erabiltzean zenbait argibide kontuan izan behar ditugu. Horrela substantzia hauen erabilera egoki bat bermatuko genuke eta bakterioek gero eta gehiago garatzen dituzten erresistentzia mekanismoak mugatuko genituzke. Honako hauek ondo gogoratu: 
http://medicinesocialjustice.blogspot.com.es/2013/01/the-flu-is-virus.html
- Norberaren kabuzko auto tratamendurik ez: ez dakizu zein patogeno duzun. Medikua zara? ez ezta? Birus bat bada, zer? Gripea kasu. Gogoan izan, ANTIBIOTIKOEK EZ DUTE BIRUSEN GAINEKO ERAGINIK!!!

- "Birusen kontra ez badute ezer egiten, hartzen baditut, gutxienez kalterik ez didate egingo!" EZ JAKINTASUN LARRIA!! Antibiotikoek albo-ondorioak izaten dituzte. Beraz pertsona hori beharrik gabe bestelako efektuetara esposatua egongo da. Bestalde, gure gorputzena bizi diren eta "lagun" ditugun bakterioak (hesteko mikrobiota kasu) kaltetuta suerta daitezke. Bakterio hauek gure defentsan parte hartzen dute (bakterio propio eta kanpotarren arteko lehiaketa kasu) eta behar ditugun hainbat eta hainbat substantzia sortzen dituzte gure mesederako (bitaminak adibidez).

- Norbaiti "ikaragarri ondo" funtzionatu dion tratamendu antibiotiko hori, ez du zertan guretzat aproposa izan behar. Berriro ere, ez substantzia kimioterapeutikorik partekatu familia, lagunak eta abarrekin.

- Antibiotikoek medikuaren errezeta behar dute. Berak aginduta erosi behar ditugu. Eta, farmazietan eskatzen ditugunean, errezeta eskatu beharko ligukete beti.

- Mediku batek dagokion tratamendurako proposatzen dizkigun epeak bete. Tratamenduaren iraupena medikuak erabakiko du. Tratamendu hori inolaz ere ez dugu lehenago eta gure kriteriopean utziko. Honako diagraman azalpentxo txiki bat prestatu dizuet, tratamenduak behar baino lehenago moztearen ondorioz gertatu daitezkeen arazoei buruz.

1) Infekzioa gertatzen da; bakterio patogenoak gure gorputzean sartu dira. 2) Gure gorputzaren barnean, nagusitu eta hazkuntza eman da; gaixotzen arituko gara. 3) Medikuarenera joan eta tratamenduan jarri gaitu antibiotiko zehatz batekin eta iraupen konkretu batekin. Bakterioaren hazkuntzan zehar, mutazioren baten ondorioz, bakterioren batek erresistentzia garatu dezake 4) "Medikuak baino azkarragoak garenez" eta askoz hobeto sentitzen garenez, tratamendu bertan behera utzi dugu. Gure sistema immunologikoak ezin badu bakarrik eta bakteria propioak ahuldu baditugu, erresistentzia garatu duten horiek ugaritu eta erresistente ez zirenak, eta tratamendua azkarregi "moztearen ondorioz gorputzean geratzen zirenak, erresistente bilakatuko dituzte. 5) Berriro gaixotu eta 6) beste batzuk kutsatzeko aukerak izan, bakterio erresistenteak zabalduz. 


BAINA...


- ZER DA BAKTERIO BAT?
- ZER DA ANTIBIOTIKO BAT?
- NOLA "JASOTZEN" DITUZTE BAKTERIOEK EUREN ERRESISTENTZIA MEKANISMOAK?
- ZEINTZUK DIRA ANTIBIOTIKOEN MEKANISMO ERAGILEAK?
- ZEINTZUK ESTRATEGIA GARATZEN DITUZTE BAKTERIOEK MEKANISMO HAUEI AURRE EGITEKO?

Bakterioen egituran sakontzeko eta antibiotikoek dituzten eraso mekanismoei buruz gehiago jakiteko (edota bakterioek eraso hauen aurka garatzen dituzten estrategiak ezagutzeko) hurrengo sarreran kontatuko dizuet gehiago. Adi egon! Apunte moduan eta gaixotasun kutsakorren inguruan egingo dugun proiekturako ondo etorriko zaizue eta! Animo!

2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

Birusak: the walking... dead? Halako pandemia bat, posible ote?

Ba bai, daramadan ibilbidearekin itxarotekoa zen The Walking Dead telesailaren zalea izatea ere, ezta? Zonbiak eta debaldeko eta baldekadako odol isuriak... telebistaren aurrean eta sofak fagozitatua. Gutxi gorabehera, hortara laburbiltzen da telesaila. Baina horrelako pandemia (mundu osoan zeharreko infekzio zabaltzea)... gerta liteke? Zeintzuk baldintza bete beharko lirateke halako zerbait gertatzeko?