2016(e)ko azaroaren 9(a), asteazkena

#iragarkikuriosoak01 (aurkezpena)

Ongi etorriak, noizbehinka konpartituko dudan iruzkin mota desberdin onetara; iragarki "kuriosoak", alegia (#iragarkikuriosoak). Berton iruzkin bakoitzeko iragarki bat "destripatuko" dugu. Zertan engainatzen gaituzten edota ze nolako trikimailu edo tranpa prestatzen diguten euren produktuak saltzeko intentzioz. Era berean, batzuetan legearen mugekin edota konpetentziaren baliogabetzearekin jolastuz; nola lortu nire produktua konpetentziarenak baino "hobea" dela sinestarazi. Eta askotan ere, sasi-zientziekin lakrikunkeriatan ibiltzearen ondorioz, gezurretan edota osasunerako arriskutsuak diren joerak bultzatzen ibiltzen diren. Ekiogu beraz, lehenengoarekin eta lasai, normalean ez ditugu ezagutza sakonik beharko, adarra jotzen ari zaizkigula detektatzeko.

Hona hemen, gaurko iragarki kuriosoa. Hasi aurretik, ni ez naiz nutrizionista (horretarako esparru horretan hezi eta diharduten profesional asko daude) baina iragarki hau ikusi eta sentsazio oso arraro bat jasatea ezin dut saihestu. 


Egosi dezagun salda; amatxo erosketetatik dator. Semeak, erositakoak saskitik ateratzen dizkio sukaldeko mahai gainean. Azenario eder-eder batzuk. Aza potolo bat. Zer gehiago? Saskiaren barnera sartzen zaigu kamera eta... zer daukagu hor? Aneto oilasko salda aurrez sukaldatua!!... eta hementxe dator hoberena: "%100ean produktu NATURAL eta FRESKOEKIN eginda"... aupa!! Hori horrela esatean, bi duda edo ezinegon suertatzen zaizkit:
  • Alde batetik, gainontzeko oilasko saldek zer demontre dute? Ze pozoi klase daramate?
  • Beste alde batetik, salda hau egiteko azenario %100 NATURALAK erabili badituzte, nolakoak dira azenario "ez-naturalak"? Edota soilik tarteko ehuneko batean naturalak direnak? Ezagutzeko irrikitan nago. Eta mesedez, ez dadila etorri transgenikoen aurkakoren bat, genetikoki eraldatutako azenarioak naturalak ez direnik esatera. Eztabaida horretan sartzeko egunik ez daukat gaur.
Eta bukatzeko gomendio txiki bat edo gogoeta "xume" bat: ez litzateke hobe izango, salda kartoi horren ordez, erosi dituzun azenario eder horiekin, aza potolo horrekin eta saskiaren barnean ikusi ditudan patatekin, zuk zeuk egitea salda bat? Denbora faltagatik? ya... en fin... nahikoa hitz egin dugu.

Eta kontuz, ez naiz sartu, eraketa edo osagaiei dagokionez, zeintzuk salda diren besteak baino hobeak edota txarragoak baloratzera. Horrek beste artikulu askotarako emanen luke eta gai hauetan adituak diren dietista-nutrizionistek esateko asko izango lukete irizpide fidagarriagoekin. Irakurlea zaren zu, nutrizio datuei dagokionez, zure irizpide profesionaletik aztertuta, iruzkindu nahi eta ahal baduzu, ongietorria eta oso baliagarria izango da.

2016(e)ko azaroaren 3(a), osteguna

1918. Gerra garaia eta nola grisa, gorri-odola baino berri txarragoa izan daitekeen

Beti gustatu izan zaizkit zientzia eta bestelako ikasketak, jakintzak edo materiak lotzen dituzten proiektuak; jakintza-alor anitzetakoak, alegia. Kasu honetan historia eta zientzia lotuko duen kontu batekin natorkizue. Dena Juan Ignacio Perezen (@Uhandrea) txio bat irakurtzean hasi zen. Umeen hilkortasun tasari buruzko erreferentzia bat lagatzen zuen eta esteka bat. Bertan klikatzean, mapa interaktibo oso interesgarri eta kezkagarria batekin topo egin nuen. Ezin geldi egon, kurtsorearekin urte desberdinetan zehar aurrera eta atzera, eta mapa mundialak, eremu desberdinen umeen hilkortasun tasaren berri emanen liguke. Koloreekin adierazita. Kolore gorriak, berri txarrak. Baina ez nuen pentsatuko inondik inora kolorerik ez edukitzea, ez zela askozaz hobea izango. Baina ez naiz gehiegi aurreratuko. Urratsez urrats joan gaitezen. Jolastu zuek ere mapa honekin! hementxe duzue.


Hilkortasun tasak gora eta behera, lurralde desberdinak ikertzen hasi nintzen. Kasu batzuen datu faltak (gris kolorea) ninduen arduratuta, bitartean. 2013. urtea ikertzen - gaur egundik gertuena, mapak aurkezten dituenen artean - Sierra Leona eta Angola ikusten nituen, eta ezin burutik kendu jaiotzen diren 1000 umeetatik, hiltzen ziren 160 inguru horiek. Askotan, hiltzea ez denean bizitzen jarraitzen dutenen egoera baino askoz txarragoa. Berri Txarrak taldearen abesti hura datorkit burura, "jakin nahi nuke ihes egin genuenok, benetan ihes egin genuen ala ihes egitearena, bizitzen irauteko atxakia hutsa izan zen".

Kolore gorri ilun horiek odolaren metafora; bertoko sufrimenduaren eredu. Sierra Leonan, gauzak ez zitzaizkien askozaz hobeto joango Ebola birusarekin, 2013ko bukaeran isiltasun letal batean zabaltzen joango zenean. Epidemia bortitz batean bilakatuko zen inguru haietan. Angolan berriz, malariak eta beherako bortitzek, gosea edo desnutrizioarekin batera beraienak egiten zituzten (dituzte). Klase diferentzia nabariegiak eta osasuna ta ur edangarriarekiko gertutasun urria, kontinenteko bigarren petrolio produktorea den honentzako.

Nola ez, momenturen batean bururatuko zitzaidan begiratzea zein urtetan izan zuen Espainiak umeen hilkortasun tasarik handiena. Zuek ere bilatu duzue? badakizue zein den urte hori? hemen duzue:

Halaxe da, bai. 1918. Ez bat lehenago ezta bat geroago ere. 1000 umetatik 415,46 hil egiten ziren penintsulan (kurtsorea gainean jartzen badugu). Kolore gorri-gorria. Gorri-odolaBi galdera datozkit burura. Zuei baita? Seguru baietz. Ea bat egin dugun:


1.- Zer gertatu zen urte "madarikatu" horretan? Zerk bultzatu zuen hilkortasun tasa neurrigabeko horren erregistroa. Umeena soilik izango ote zen?

2.- 1918. urtean egonda, nola liteke horrenbeste herrialde daturik gabeko gris triste batean agertzea?

Tristuran murgildutako mapa baten aurrean nengoen. Txarra bazen hilkortasun tasa handi baten berri izatea, ez da gutxiago hiltzen zirelarik inork ez jakitea.

Compiègneko armistizioa irudikatzen zuen margoa
Iturria: Wikipedia
Ikerketa bat hasteko momentua ikusten nuen nik hementxe. Lehenengo galderarekin hasi beharra zegoen. Zer demontre gertatu zen 1918an? Historia pitin bat eginez, urte hartan Lehenengo Mundu Gerra bukatuko zen; Alemaniak aliatuekin, 1918ko azaroaren 11ean Compiègneko armistizioa, tren bagoi batean, sinatuko zuten arte eta, geroago, behin-betikoa izango zen Versaillesko Ituna (Estatu Batuetako presidente zen Woodrow Wilson-ek proposatutako bakea lortzeko 14 akordioetan oinarritua) izenpetu zuten arte, 1919ko ekainaren 28an.


Versaillesko Ituna. Iturria: Wikipedia
Alemaniak "zor handiak" - moralak, lurraldekoak, laboralak, politikoak, militarrak eta ekonomikoak - ordaindu beharko zituen hau guzti honen ondorioz (biztanleriak jakin ondo zekien eta itunaren aurkako mugimenduak egon ziren) eta horrek kaos berri batera bideratuko zituen pixkanaka-pixkanaka... Bigarren Mundu Gerrara hain zuzen ere. Kaos horretan murgilduta, Alemaniako biztanleriak "salbatzaile baten premia itsua" sentituko zuen. Der Führer edo buruzagi edota gidari baten beharra. Hara non Lehenengo Mundu Gerran, gas eraso baten ondorioz denbora baterako itsu geratu zen soldadu (mezulari) austriar batek bere aukera ikusiko zuen. Baina azken hau beste baterako lagako dugu. Ez gara aurreratuko. 1918ra bueltatuz, kontutan hartzekoa da, lehen aipatutako bake itunak zinatzen ari zirelarik, mundua beste gerra handi batean sartuta zegoela. Baina informazioa, estraofizialki mugitzen zen bitartean, ofizialki gutxi hitz egiten zen "guda" honi buruz. Gizateria eta organismo azelular txiki batzuen artean; birusak. Kasu honetan, gaur egun dakigun bezala, gripearen (A motako influenza birusa) H1N1 azpimota hain zuzen ere. Duela gutxi, garaian gaixotasun honengatik hildako gorputz izoztuetako laginetatik ebatzitakoa hizpide (bilaketa eta aurkikuntza hau, bioterrorismoa dela eta ez dela, polemiketatik aldenduta egon gabe, noski). Infekzio bat munduan zehar zabaltzen denean pandemia baten aurrean gaudela diogu. Hala gertatu zen 1918ko gripearekin. Espainiar gripea bezala izendatu zena ere.


Gerrak eta hildakoei buruzko datuen kontrola

Badirudi lehenengo galdera kokatu dugula; 1918an Espainiar gripea deritzona aurkitu dugu. Ekiogu bigarren galderari; zer dela eta munduko beste txoko "azpimarragarri" batzuen datu falta?

Gris kolorea. Garai hartan, Lehenengo Mundu Gudan sartuta zegoen gizateria. Sartuta, edo hobe irtetear esango bagenu, historikoki zehatzak izateko. Ez dakit historian adituek zer esango didaten, baina Lehenengo Mundu Gerratik ateratzearena, Bigarrenaren abiapuntu edo detonatzailea izan zela dirudi. Harira joan gaitezen. Lehenengo hau, Gerra Handia ere deitua izan zen; oraindik beste handiagorik ez zutelako bizi izan. Hala ere, gizateriak, askotariko interesak direla eta, Guda Handi hura "hobetzeko" gai zela erakutsiko zuen. Ez gutxietsi gizakion ergelkeria. Tamalez, hala izan da eta horrela jarraitzen du izaten. Baina hau, beste esparru batzuentzako aztergaia izango zen. Gizateriaren historia, garai triste eta lotsagarriz josita dago eta.

Soldadu estatubatuerrak gripeak jotaKansas
Iturria: Wikipedia
Argi dagoena zera da, gudan murgilduta zeuden herrialdeek, euren "eraso eta defentsa lerroetan" zeuden hildakoen berri ez zutela eman nahi. Are gutxiago, mundu guztian zehar eta etsaiaren belarrietaraino, "soldaduen" kopuruaren gutxitzearen daturik ailegatzerik nahi. Ejertzitoen ahuleziarik agerian laga barik. Hona hemen egondako hildakoen berri ez izatearen zergatia; gerretan zenbait datuk, datu kritikoek batez ere, jasaten duten zentsura, alegia. Argi dago lurralde horietariko biztanleria, gripearen aldagai edo azpimota berezi horren ondorioz, gutxitzen zihoala. Datu sinple bat: Lehenengo Mundu Gerrak 15-17 milioi hildako suposatu zituen bitartea (soldadu eta zibilen artean), gripearen pandemia honek, 1918ko gripe pandemia edo Espainiako gripea deritzonak, 50-100 milioi hildako suposatu zituela estimatzen da ditugun azken datuekin. Gripe pandemia honek, 25 astetan zehar, hiesak 25 urteren buruan baino hildako gehiago suposatu zituen.

Gaur egun ditugun datuen arabera, Txinan bakarrik 30 miloi hildako egon ziren; momentuko biztanleriaren %35 inguru. Estatu Batuetan berriz, 675.000 hildako estimatzen dira; biztanleriaren %28. Espainia eta Erresuma Batuan, bakoitzeko 200.000-300.000 tartean ibili ziren.


Non izan zuen sorterria pandemia honek?

Argi dagoena, Espainian ez zela izan da. Leku aipatuenen artean Estatu Batuak eta Txina daude. Baina noski, gerra zela (berton murgilduta zeudenek batez ere), zituzten hildakoen inguruko datuen zentsuraren ondorioz, informazioa mutur batetik bestera ibili da askotan. Esan dugun bezala, hau da lurralde horiek mapan, datu falta adierazten duen gris kolore triste horretan adierazita egotearen zergatia. Eta, ikerketa honen ondorioz, gris horrek hildako asko eta asko estaltzen zituela dakigu. Baina Espainiaren egoera neutrala zela eta, "ez zegoen datu hauek zentsuratzeko beharrik". Munduan zabalduta zegoen gaixotasun kutsakor batek, Espainian hasi ez zen arren, datuak plazaratu zituen herrialdearen izena jaso zuen; gripe espainiarra.

Ikerketa eta informazio iturri askok 1918ko martxoaren 4ean kokatzen dute lehenengo kasua. Eta konkretuki Estatu Batuetan (Kansas). Oso denbora tarte txikian mundu osoan zehar zabaldu zen infekzioa.

Heriotzak eta datak erlazionatzen dituen grafikoa; 1918aren bukaeran metatu ziren.
Iturria: Wikipedia

Pandemia bilakatzera ailegatuko zen

Hildakoen artean noski, soldaduak ere baziren. Hildakoak - ulertu itzazue nire hitzak ondo - ez ziren kutsatutakoak baino kezkagarriagoak. Nork daki mundua gerran egoteak eta ozeanoaren alde batera eta bestera tropen mugimenduek, epidemia zabaltzen lagundu ez ote zuten. Hau da, pandemia batean bilakatzen. Galdera inozoa... dudarik ez horrela izan zela. Gripearen birusak transmisio edo infekzio bide eraginkorrena dauka, birusen erreinuan; airearen bidezko transmisioa. Eztul edo doministiku eta listu tantatxo txikietan bidaiatzen du hurrengo ostalari baten arnas bideetako zelulak infektatzeko prest. Listo! Gaixotasuna zabaldu dugu! Listuarekin kontaktuan egon diren azalerak (hitz egitean erortzen diren listu tantatxoak, eskuak ahotik gertu izan ondoren ukitutakoak,...) ere infekzio bideak izan daitezke.

Material gehigarria
  • 1. Bideoa: Nola zabaltzen da eta nola infektatzen du organismoa. Hemen.
  • 2. Bideoa: Birusak duen zelula ostalari bat infektatzeko mekanismoa. Hemen.

Gainera momentuko egoerak eta interesek, zientzia eta teknologiaren ikusmirak aldatzera bultzatu zuten. Non egongo zen diru eta ahaleginen inbertsio handiena? Aurrerakuntza militarren garapenean, noski. Beraz birus baten aurkako gatazkak garrantzia galtzen zuen Gerra Handiarekin alderatuz. Hildakoen datuen "omisioak" benetako arrisku egoeraren ezaguera galarazten zuen. Mundua ez zekien zenbaterainoko etsaia zuten aurrean. Ez zekiten bere inperio biriko kutsakorrak noraino ireki zituen bere hegoak.


Zer da gripea?

Askotan esan dugun bezala, gripea birus bat da. Influenza birusa. Birusak organismo azelularrak dira eta, zelula bat infektatzen ez duten bitartean (biriona; ahalmen kutsakorreko partikula birikoa), metabolikoki inerteak direla esaten dugu. Hau da, jarduera metaboliko bat aurkezteko (funtsean, ugaltzeko; erreplikatzeko, alegia) infektatutako zelula hostalari baten tresneriaz baliatu behar dira. Birus honentzako zelula ostalari aproposenak, arnas bideetako ehunetako zelulak dira.

Iturria: Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Zentroa
Urdina: H, Gorria: NMorea: kanal ionikoak eta
RNP: konplexu ErriboNukleProteikoa, hau da,
RNA zatiak nukleoproteinaz inguratuta helikoidalki
(3 polimerasa azpiunitaterekin batera)
Ortomixobirusen (Orthomyxoviridae) familiako birus bat da eta 3 mota nagusitan sailka ditzakegu ezagutzen ditugun azpimota guztiak; A, B eta C. Normalean gizakion artean eta urtaroka datorkigun mota, A izaten da. Bildukina dauka kanpotik inguratzen. Birus honek, bildukina den mintz horretan, bi glukoproteina (gp) mota oso garrantzitsu aurkezten ditu; hemaglutininak (H) eta neuraminidasak (N). Molekula hauek, birusak zelula ostalarian lotu eta hau infektatzeko gaitasunarekin erlazionatuta daude. Bi proteina hauek ematen diote gripearen birusari aldakortasuna edo aniztasuna (birusaren azpimotak). 16 H eta 9 N klase identifikatu ditugu momentura arte. Hauek guzti hauen konbinazioz ezagutzen ditugun influenza birusaren azpimota guztiak identifikatu ditugu. Adibidez, badirudi 1 motako H eta 1 motako N zuen azpimota izan zela 1918ko pandemia sortu zuena; H1N1, alegia. Gp hauen egituraren barnean ere aldaketa desberdinak egon daitezke, aniztasuna handituz. Molekula hauek sortzeko informazioa (beste 10-12 proteina inguru desberdinekin batera) dituen 8 RNA zatietan darama. 8 RNA zati (ssRNA -) nukleoptroteinak (np) deritzen monomeroz kapsulatua.

Datu gehigarriak

NA eta HA deritzen RNA zatiek, bakoitzak neuraminidasa (N) eta hemaglutinina (H)
kodetzeko informazioa daramate, urrenez-urren. Iturria

Iturria: microBIOblog
Hau ikusita, 8 zati horien konbinazio desberdinetan, birusaren aniztasuna egongo litzateke. Hau da, RNA konbinazio desberdineko bi partikula birikok zelula berbera infektatzen badute, "nahasketa" horretatik (errekonbinazioa) suertatu daitezkeen birus berrietan konbinazio berriak egotera eraman gaitzake. Mehatxu beri bat? Gainera birus hauek duten material genetikoan, mutazioak gertatu daitezke zelula ostalariaren barnean erreplikatzen (ugaltzen; birusaren kopiak sortzen) dauden bitartean. Honek ere, birusaren azpimota berriak agertzera bidera gaitzake, horrek izan dezakeen birusarentzako ahalmen edo ezaugarri berrien agertzearekin batera. Kasu batzuetan, mutazio hauek ondorio negatiboa ere izan dezakete birusentzat eta euren erasoa edo indarra mugatu. Sortu duten epidemiaren desagertzeraino, alegia.

Aldakortasun - mutazioak eta errekonbinazioak edo berrantolaketak - guzti honen ondorioak?

  1. Urtero txertoa aldatu behar dugu momentuan dauden birusaren azpimota guztien "mix" bat eginez txertoan. Beraz horregatik ezin dugu behin betiko txerto horri buruz hitz egin momentuz, aldakortasun tasa oso altuko birus bat da eta. RNA duten birusak orokorrean, berez izaten dira oso aldakorrak.
  2. Hegaztiena soilik zen birus bat, "bat-batean" gizakia eta beste ugaztun batzuk infektatzeko gaitasuna eskuratu dezake (1918an gertatu zen bezala, besteak beste). Nabarmentzekoa da birus hau hegaztien birus bat dela. Bertan dauka bere genetika zabalduta. Noizbehinka aldaketaren bat jasotzen duelarik eta gizakira "saltoa" ematen duelarik.

Ondo da. Baina urtero gripearen birusa daukagu inguruan eta sintoma arruntak gora behera ez du ez pandemiarik ezta hilkortasun tasa handirik suposatzen. Beraz...


Zer zeukan berezi 1918ko H1N1 influenza birusak?

1918ko H1N1 birusak infektatzen zuen pazientearengan neurrigabeko erantzun immunologiko bat pizten zuen. Hantura erantzun ikaragarri eta letal bat. Zelula immunogenikoek zitokinak (zitosinak) deritzen bitartekariak askatzen dituzte agente patogeno baten aurrena. Zitokina hauek, hantura prozesua bideratu eta gainontzeko babes zelulen erakartzea (kimiotaxia eremu kalteturaino) bermatzen duten molekulak dira. Gripe honek aparteko ahalmen immunogenikoa zeukan. Arnas bideak infektatzen zituenean, kaltetutako ehunetako zelulek eta sistema immunologikoko zelulek, inolako neurririk gabe eta kopuru ikaragarrietan zitokinak askatzera bultzatzen zituen. Honi zitokinen ekaitza deitu zaio. Arnas bideak blokeatuko zituen gehiegizko hantura pairatuko zuten pazienteek eta zelula immunogenikoen itzelezko presentziak, ehunak konpondu beharrean, gehiago kaltetuko lituzke. Primerako "paradisua" beste patogeno batzuen bigarren infekzio bat pairatzeko.

Aadina eta hilkortasun tasa erlazionatzen.
Iturria: Wikipedia
Datu kuriosoa: 25 (20-50) urteko gazteen artean egon zen heriotza tasa altuena. Baxuena berriz, ume eta adinekoen artean egon zen. Zergatia euren adinarekiko sistema immunologikoaren "egoeran" oinarritzen da. Hau da, 25 urteko gazteen babes sistema oso "indartsua" zen. Printzipioz ezaugarri hona dirudien bitartean, honek kasu honetan kontrako emaitza izan zuen; zitokinen ekaitza askozaz "indartsuagoa" eta beraz, ondorio larriagoak. Logika hau jarraituz, umeen eta adineko pertsonen sistema immunologikoak, ez zeukanez horrenbesteko "heldutasunik" kasu batean eta ezta horrenbesteko "eraginkortasunik" bestean, ez zituen horren larriak ziren efektuak suposatu.

Kontutan izan beharrekoa ere, efektu autoimmune horren ondorioz, pneumonia bezalako zailtasunak pairatzen zituztela gaixo hauek. Askotan azken honek hiltzen zituelarik. Pneumonia, sistema immunologikoa egokiro funtzionatzen ez aritzeaz baliatzen diren bakterioek eragiten dute (oportunistak), horrela pazientea infektatuz. Bigarren patogeno honen aurrean, pazientearen babeserako gaitasuna eta estrategiak, nabarmenki murriztuak suertatuko dira.



Urteroko gripearen inguruan, zer?

Munduko Osasun Erakundeak 250.000 eta 500.000 hildako estimatzen ditu munduan, urtero gripe arruntaren ondorioz. Urtaroko Gripeari buruz ari gara. Noski, gripeari gehitzen zaizkion bestelako konplikazioen ondorio dira heriotza hauek. Hemen duzue Osakidetzak aurten prestatu duen txertaketa kanpaina. Berton ikus dezakezue zeintzuk diren arrisku taldeak; hau da, txertoa jaso beharko luketenak adinaren edo egoeraren beste faktore gehigarrien ekiditeko asmoz. Aurretik esan dugun legez, aurtengo gripearen birusaren aurkako txertoa, inguruan dabiltzan azpimota guztien "nahasketa" bat izango da. Horrela infektatuko gaituen azpimotarekiko immunizatuak egongo gara, edota birus desberdinen konbinazioz sortu daitekeen eraldaketekiko.



Materialak gripearen inguruan: