2015(e)ko azaroaren 11(a), asteazkena

Ate Beltz Hematoentzefalikoa eta Mordor-eko sarrerari buruz...

Mordor-eko erresuman sartzeko Morannon, Ate Beltza zeharkatu behar zen. Ate erraldoi haiek Errautsen Mendien eta Itzalen Mendatearen artean bidea isten zuten. Ez ziren nolanahi zabalduko. Eta hori gutxi balitz, Barad-dûr dorrearen gainetik Sauron Jaun Ilunaren suzko begiak bere lurren inguruen zelatari, inor ez zuen sartzen utziko. Ez zegoen Patuaren Mendira iristeko erarik. Eta Frodok, hau guzti hau, jakin bazekien. Sauronek gauza bakar bat desiratzen zuen; Eraztun Bakarra. Guztiak, nahieran gobernatuko zituena. Eta eraztun horrentzako soilik, zabalduko zituen bere ateak. Hura nahi zuen... beste ezer baino gehiago... beste ezeren gainetik.


Hesi hematoentzefalikoaren infografia txiki bat

Primeran gogoratzen dut, unibertsitatean nengoenean, irakasle horrek esan ziguna: "garunaren erregai bakarra gluzidoak dira. Garunera ailegatzeko (Nerbio Sistema Zentrala) hesi hematoentzefalikoa pasatu beharko lukete substantziek. Eta hori gutxi batzuen esku zegoen". Garunak horren gogoko zituen eraztun itxurako molekula demonio horiek... gluzidoak... beste ezer baino gehiago... beste ezeren gainetik. Gainontzeko guztiak, nahieran gobernatzeko...

Baina zer demontre da Hesi Hematoentzefaliko hori? Hitz gutxitan, garunera eta bizkar muinera iristen diren odol-hodiak (kapilaren sistema fin baina oso adarkatu bat) osatzen dituzten endotelioko zelulak "estuki lotuak" daude euren artean. Odol-hoditik irten eta NSZ (nerbio sistema zentralera) ailegatu nahiko lukeen edonork, zelula hauen barrunbeetatik egin beharko luke. Euren artean, lortura estuen ondorioz ezingo lukeelako (molekula txiki hidrosoluble batzuk kenduta). Hori gutxi izango balitz, astrozitoak deritzen zelula batzuek hodien gainazala, kanpotik inguratzen dute.

Astrozitoak makrogliaren parte dira; neuronak babestu eta elikatzeaz arduratuko dira. Oin-astrozitikoa deritzon zelula hauen luzakinarekin hodiak inguratzen dituzte. Hau da, odol-hodietatik irteten dena, lehengo endotelioko zelulen hesia zeharkatu beharko luke eta gero astrozitoek iragazki zelular baten moduan, hautatuko ditu neuronatara ailegatuko direnak, eta berak "pasatuko" dizkio. Zelulen artean ematen den garraio hau, molekula nagusienen kasuan, garraio aktiboa da, hau da energiaren menpekoa da. Horregatik mitokondria ugariko gainazalak izaten dira; arnasketa zelularraren bidez ATP (energia kimikoa) produzitzen duten organuluak. Beraz endotelioko zelulak, Errautsen Mendiak eta Itzalen Mendatea izango zirenak, zeharkatuak izateko era bakarra zegoen; euren barrunbetara eramaten zuen Ate beltza zeharkatzea. Hala ere,  behin hori gainditu, Sauronen suzko begi astrozitikoaren esku geratuko litzateke bisitaria... Mordor-en jarraituko duen edo ez erabakitzeko.

Nahi izatekotan, goiko irudi horretan klikatuz, hesi hematoentzefalikoaren laburpen oso sinple bat egin dizuet

Odol-hodien eta garunaren arteko baimendutako substantzien fluxu
Apur bat ikertuz, garuneko ate beltzak zeharkatzeko gai diren molekulak, gluzidoetaz gain, aminoazidoak eta gorputz zetonikoak ere baziren, molekula txiki liposolubleak (Oxigenoa, Karbono Dioxidoa, Kafeina,...) eta molekula txiki hidrosolubleak bezala.

Oroitzen dute baita ere, baraualdi luzeen ondorioak adierazten zizkigunean: "dietan gluzidoak sartzen ez ditugunean denboraldi luze batean zehar, garunak erregaia beharko du. Hasiera batean, erreserba modura gordeta (gibel eta giharretako glukogenoan) daukan gluzidoetatik gastatzen joango da. Babes neurri moduan, lipidoek ezin dute hesi hematoentzefalikoa gainditu beraz ez dira garunaren gustuko. Gainera, kontutan eduki, garunari, beraren biziraupena baino ez zaiola inporta baldintzak oso desegokiak direnean, adibidez, baraualdia gehiegi luzatzen denean eta erreserba gluzidoak agortzen zaizkionean. Kasu honetan, giharrak narriatuz, egitura funtzio betetzen zuten proteinak, erreakzio metaboliko batzuen ondorioz, gluzidoetan bilakatzen ditu. Azken hauek garuna elikatuko dute. Muskulu masaren txikitze nabarmenaren trukean".
Aminoazidoetatik Glukosa sorrera
Proteinak (oinarrizko aminoazidoak) lortzeko intentzioarekin egindako muskuluaren suntsipen honi, proteolisia deritzogu. Aminoazido hauetatik, azido trikarboxilikoen zikloaren (ATZ) bidez eta glukoneogenesiaren bidez orokorrean, Glukosa eta Gorputz Zetonikoak sortzea da helburua, garunari erregai gehiago eman ahal izateko. Gure Jaun Ilunak bere aparteko eraztuna berreskuratzean Lur Ertainaren gobernuarekin jarraituko du.

Ondorioak:
Lur ertainak alde batera, gaur egun traba asko jartzen dizkio medikuntzari, garunaren babes-neurri logiko honek. Adibidez farmako askok ezin dute hesi gainditu. Horregatik, nerbio sistema zentraleko gaixotasun asko sendatzeko tratamenduak diseinatu direnean, garunean ezin sartzeak atzera bota ditu. Bakterio patogenoen kasuan, antibiotiko askok ezin dute hesia zeharkatu, beraz nahiz eta mikroorganismo horrekiko ahalmena eduki, ezingo litzateke bertara ailegatu.

Baina azken urteotan, garuna mindu dezaketen hainbat toxiko edo pozoietan oinarritzen ari dira ikerketak. Horrela, euren diseinua ezagutuz, hauek hesi hematoentzefalikoa nola gainditzen duten ikas genezake. Teknika hauek kopiatuz, gure farmakoek NSZ-era iristeko aukerak izango lituzkete eta beraz, gaitz asko sendatzeko farmakoen ikerketak aurrera jarraituko lukete. 

Biomedikuntzaren arloko ikerketen Bartzelonako Institutuan erleen pozoiak daukan sisteman oinarritutako bidezidorrak ikertzen ari dira. Troyako zaldia izango balitz bezala, Itzalen Mendateak gainditzeko beste era bat, Ate beltzaz trufatuz. Morgul mehatzeetan barana Mordor-en zuzen zuzen sartuz. Baina kasu honetan gure eraztun sendatzeileak patuaren mendira eramateko Sauronen begi zelataria despistatua dagoen bitartean.


Oharra: Ekarpenen bat baduzue oso ongi etorria izango da. Beti zientzia zabaltzen, galderak egiten eta ikasten...

Gehiago irakurtzeko...

- http://elpais.com/elpais/2014/11/07/ciencia/1415388665_963150.html

- http://www.rtve.es/noticias/20151102/usan-veneno-abeja-como-caballo-troya-para-conquistar-cerebro-humano/1246420.shtml

- http://eldia.es/agencias/8384498-INVESTIGACI-N-BIOMEDICINA-Usan-veneno-abeja-traspasar-proteccion-cerebral-llevar-farmacos

How We've Succeeded In Breaching The Blood-Brain Barrier At Last

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina