2016(e)ko otsailaren 23(a), asteartea

Antimikrobianoak: Bakterioen ahuleziak eta "giharrak"

Bakterioak entrenatzen dira, bai. Eta gero eta sasoi hobean daude. Osasuntsu. Antibiotikoek gero eta kalte gutxiago egiten diete. Erresistentziak garatzen dituzte. Eurekin dugun borrokan garaile irteten ari dira.

Jakin nahi duzue nola entrenatzen diren? Bai hori azaldu aurretik, bakterioak nolakoak diren eta antibiotikoen mekanismo eragileak ezagutu beharko ditugu. Antibiotikoek, bakterioen zein “ahulgunez” aprobetxatzen diren dakigunean, ulertuko dugu nola entrenatu edo moldatzen dituzten “ahulgune” horiek erresistentziak garatzeko.

Hasieran koka gaitezen; 

- ZER DA BAKTERIO BAT?


Bakterio baten egitura ikusteko eskema.

2016(e)ko otsailaren 22(a), astelehena

Antibiotikoak? Baina zentzudunez!!!!

Gogoan izan antibiotikoak, bakterio patogenoen tratamenduan (esparru klinikoan ari nahiz , noski) erabiltzen ditugun substantzia antimikrobianoak (naturalak, natural-eraldatuak edota sintetikoak; kimioterapeutikoak) direla. Substantzia hauetariko bakoitzak bakterio konkretu (edo talde) bat eta maila desberdin batean erasotzen du. Beraz, hauek erabiltzean zenbait argibide kontuan izan behar ditugu. Horrela substantzia hauen erabilera egoki bat bermatuko genuke eta bakterioek gero eta gehiago garatzen dituzten erresistentzia mekanismoak mugatuko genituzke. Honako hauek ondo gogoratu: 
http://medicinesocialjustice.blogspot.com.es/2013/01/the-flu-is-virus.html
- Norberaren kabuzko auto tratamendurik ez: ez dakizu zein patogeno duzun. Medikua zara? ez ezta? Birus bat bada, zer? Gripea kasu. Gogoan izan, ANTIBIOTIKOEK EZ DUTE BIRUSEN GAINEKO ERAGINIK!!!

- "Birusen kontra ez badute ezer egiten, hartzen baditut, gutxienez kalterik ez didate egingo!" EZ JAKINTASUN LARRIA!! Antibiotikoek albo-ondorioak izaten dituzte. Beraz pertsona hori beharrik gabe bestelako efektuetara esposatua egongo da. Bestalde, gure gorputzena bizi diren eta "lagun" ditugun bakterioak (hesteko mikrobiota kasu) kaltetuta suerta daitezke. Bakterio hauek gure defentsan parte hartzen dute (bakterio propio eta kanpotarren arteko lehiaketa kasu) eta behar ditugun hainbat eta hainbat substantzia sortzen dituzte gure mesederako (bitaminak adibidez).

- Norbaiti "ikaragarri ondo" funtzionatu dion tratamendu antibiotiko hori, ez du zertan guretzat aproposa izan behar. Berriro ere, ez substantzia kimioterapeutikorik partekatu familia, lagunak eta abarrekin.

- Antibiotikoek medikuaren errezeta behar dute. Berak aginduta erosi behar ditugu. Eta, farmazietan eskatzen ditugunean, errezeta eskatu beharko ligukete beti.

- Mediku batek dagokion tratamendurako proposatzen dizkigun epeak bete. Tratamenduaren iraupena medikuak erabakiko du. Tratamendu hori inolaz ere ez dugu lehenago eta gure kriteriopean utziko. Honako diagraman azalpentxo txiki bat prestatu dizuet, tratamenduak behar baino lehenago moztearen ondorioz gertatu daitezkeen arazoei buruz.

1) Infekzioa gertatzen da; bakterio patogenoak gure gorputzean sartu dira. 2) Gure gorputzaren barnean, nagusitu eta hazkuntza eman da; gaixotzen arituko gara. 3) Medikuarenera joan eta tratamenduan jarri gaitu antibiotiko zehatz batekin eta iraupen konkretu batekin. Bakterioaren hazkuntzan zehar, mutazioren baten ondorioz, bakterioren batek erresistentzia garatu dezake 4) "Medikuak baino azkarragoak garenez" eta askoz hobeto sentitzen garenez, tratamendu bertan behera utzi dugu. Gure sistema immunologikoak ezin badu bakarrik eta bakteria propioak ahuldu baditugu, erresistentzia garatu duten horiek ugaritu eta erresistente ez zirenak, eta tratamendua azkarregi "moztearen ondorioz gorputzean geratzen zirenak, erresistente bilakatuko dituzte. 5) Berriro gaixotu eta 6) beste batzuk kutsatzeko aukerak izan, bakterio erresistenteak zabalduz. 


BAINA...


- ZER DA BAKTERIO BAT?
- ZER DA ANTIBIOTIKO BAT?
- NOLA "JASOTZEN" DITUZTE BAKTERIOEK EUREN ERRESISTENTZIA MEKANISMOAK?
- ZEINTZUK DIRA ANTIBIOTIKOEN MEKANISMO ERAGILEAK?
- ZEINTZUK ESTRATEGIA GARATZEN DITUZTE BAKTERIOEK MEKANISMO HAUEI AURRE EGITEKO?

Bakterioen egituran sakontzeko eta antibiotikoek dituzten eraso mekanismoei buruz gehiago jakiteko (edota bakterioek eraso hauen aurka garatzen dituzten estrategiak ezagutzeko) hurrengo sarreran kontatuko dizuet gehiago. Adi egon! Apunte moduan eta gaixotasun kutsakorren inguruan egingo dugun proiekturako ondo etorriko zaizue eta! Animo!

2016(e)ko otsailaren 4(a), osteguna

Glukolisiko NADH eta mitokondriaren barne mintza zeharkatzeko bidezidorrak (Ikasleentzako)

Klasean ikusi dugunez, Glukosa molekula baten oxidazioaren (narriaduraren) bidean zehar, lehengo erreakzio multzoa glukolisia izango da. Glukosa molekula batetatik, bi pirubato molekula lortzeko degradazio bidea. 

Prestatu dizuedan marrazkian ikusi dezakezue zelularen zitoplasman gertatzen den glukolisia. Gogoratu, oxigenoa egotekotan (aerobiosia) pirubato hori mitokondrian sartu (matrizera) aztetilCoA bilakatu eta krebs zikloa egingo lukeela. Gero prozesu edo erreakzio guzti hauetan zehar sortutako ahalmen erreduzitzaile guztia (NADH eta FADH2) elektroi garraio katera (e.g.k.) joango litzatekeela. Berton, elektroien garraioarekin batera, protoiak izango dira ponpatuak gandorretako mintzen arteko eremura. Honek matrize eta mintzen arteko eremuaren arteko gradiente protoniko handia sortuko luke (protoi askoren metaketa mintzen arteko eremuan). Protoi hauek berriro matrizera bueltatu "nahi" dutenez (baina barne mintz mitokondriala iragazgaitza da berauentzako) ATP sintetasak bueltatzen "lagako die" baina, barnerantzako mugimendu horretaz (indar propomotriza) baliatuz, ATPasa-k, ATP sortuko du ADP + Pi elkartuz.

Hau guzti hau eta sakon, klasean ikusi dugu, hala ere sarreratxo honen bidez, anezken asuntoa, oso gainetik bada ere argitu nahi dizuet. 

Non dago arazoa? Nola demontre sartuko dira Glukolisian sortutako 2 NADH molekula horiek elektroi garraio katera joan ahal izateko, barne mintz mitokondriala berauentzako iragazgaitza bada? Horretarako, eta asko sinplifikatuz eta laburtuz, goiko irudian azaldu dizkizuedan malato aspartato anezka (bihotz, giltzurrun eta gibeleko zeluletan) edo glizero fosfatoaren anezka (muskulu eskeletikoko eta burmuineko zeluletan) erabiliko da.

Hemen duzue komentatutako anezken laburpena, zehaztasun gehiagorekin.



Botaiozue begiradatxo bat eta klasean edo korreo bidez komentatuko dugu. Animo azterketekin!!!

2016(e)ko urtarrilaren 27(a), asteazkena

Birusak: the walking... dead? Halako pandemia bat, posible ote?

Ba bai, daramadan ibilbidearekin itxarotekoa zen The Walking Dead telesailaren zalea izatea ere, ezta? Zonbiak eta debaldeko eta baldekadako odol isuriak... telebistaren aurrean eta sofak fagozitatua. Gutxi gorabehera, hortara laburbiltzen da telesaila. Baina horrelako pandemia (mundu osoan zeharreko infekzio zabaltzea)... gerta liteke? Zeintzuk baldintza bete beharko lirateke halako zerbait gertatzeko?

2016(e)ko urtarrilaren 14(a), osteguna

Mitokondria (I - Sarrera). Ultraegiturari buruzko infografia

Hemen duzue gaur klasean erakutsi dizuedan, eta bukatzeke nuen  infografia. Bukatu dut eta hemen partekatzen dut zuekin. Bertan Mitokondriaren ultraegiturari buruzko informazioa aurkituko duzue. Irudiarekin elkarreragina izan dezakezue, hau handituz edo txikituz, informazioa hobe ikusteko. Espero dut baliagarria suertatzea datorren asteko azterketarako. Animo!!

Ohar modura, gogoratu aurrerago - batez ere metabolismoa ikusten dugunean - mitokondriak berriro ere aipatuko ditugula. Orduan sakonduko dugu gehiago organulu honen egitura eta funtzioan. Bere barnean gertatzen diren erreakzioak ikertzen ibiliko gara momentu horretan. Gorputzak behar duen energia kimikoa (ATP) nondik eta nola ekoizten duen ikusten dugunean. Baina ez gaitezen aurreratu!

Ondo izan eta bihar ikusten dugu elkar klasean; mitokondriaren sarrerarekin bukatu eta kloroplastoekin hasiko gara. 

Gogoan izan: Hau, liburuan eta klasean ikusi ditugun azalpenen gehigarri bat besterik ez da. 





Material gehigarria: Gogoan izan ikusten hari garen bi organulu nagusi hauen sorrerari buruz Lynn Margulisek ( #zergatikeznirezientzialiburuan ) esaten zuena; teoria endosinbiotikoa (sinbiogenesia). Hemen duzue berari buruzko artikulu interesgarri bat. Eta Nature-ko artikulu berri hau gehigarri bezala.

Gehiago:

2016(e)ko urtarrilaren 13(a), asteazkena

Munduen Gerra, "martetarrak" eta homeopatia... Lurra konkistatzen saiatu aurretik, etxeko lanak egin gabe izatea ere!

Askotan nuen entzunda Orson Wellesek, dirudienez nahi gabe, munduari ziria sartu zionekoa. Gaur egun, tamalez, badakigu ez dela harritzeko bestekoa. Izan ere, ezaguna da hainbatek historian zehar maiz erabili izan dituela hedabide desberdinak sasizientziak gizateriari helarazi eta honen gaineko efektuak sortzeko. Beheko bideo honetan entzun dezakezue 1938ko urriaren 30eko gau hartan Wellesek egindako "Munduen Gerra" eleberriaren (1898. urtean erditu zen Herbert George Wellsek idatzia) moldaketa.


Bide batez, aipatzekoa da ere, gure partez, entzule edo irakurleon partez, informazioak kontrastatzeko izaten dugun dokumentazio biltzearen ohitura falta. Faborez, irakurri edo entzuten duzuen guztia kontrastatu. Zuen buruari galderak egin, ezagutu eta zuen aburuak eraiki. Eta ondorioz, zentzudunez jardun. Laburtuz, izan zientzialariak.

2016(e)ko urtarrilaren 4(a), astelehena

Exozitosi proteina baten sintesia oso oso eskematikoki (Nire ikasleentzako laguntza txiki bat)

Nire ikasleak ikerketa lan bat egiten ari dira. Gogor daude lanean nik proposatutako aplikazio lan txiki bat ebazteko. Oso eskematiko eta gainetik, neurona baten neurotransmisoreen sintesia (soman) eta exozitosia (gune sinaptikoan) azaldu behar dute. Axoian zeharreko besikulen garraioa ahaztu gabe, noski. Helburua, neurotransmisorez betetako besikula horiek, gune sinaptikora heltzea eta bertan isuriak izan eta hurrengo neuronari mezua igortzea edota bere dena delako efektua betetzea.

Aurreneko sarreran lehenengo pista ematen nien Aliziaren munduetako kapelagilearen metafora txikiarekin. Mikrotubuluen "gainean", kinesinek bideratutako axoian zeharreko eta aurrerantzako garraioa zuen ildo nagusi.

Honekin bazuten azken zatia azaltzeko behar zuten guztia. Baina lehenengo zatia falta zitzaien; neurotransmisore beraren sintesia. Hori jorratzeko, eta oso azkar eta gainetik, honako eskematxo hau prestatu diet arkatzez. Hementxe zntzilikatzen diet, beraien ikerketa lanetan lagungarria izan dadin. Seguru nago primeran egingo dutela!!

Gogoratu helburua: zelula baten zitoplasman dauden "gauzak" ikasten ari gara. Hala ere ez inoiz pentsatu organulu eta egitura guzti hauek "gauza" isolatuak direla. Inolaz ere ez; elkarlan ikaragarri zehatz bat dago martxan zelula baten barnean. Guk ikasten dugun teoria, errealitateari aplikatzen ikasi behar dugu.

Edozein laguntzarako, hemen naukazue. Animo!!