2015(e)ko urriaren 25(a), igandea

Mariburduntzia eta konpondu gabeko gainazal tentsioa

Gaur goizean, oraindik ametsen eta errealitatearen mugan nengoela, kafesnea eskuan, telebista piztu dudanean, hara non dokumental bat agertu den. Nire opila kafesnean busti ezinean geratu naiz. Izoztuta. Harridurak geldituta; Mariburduntzi arrak, emea lepotik helduta, azken hau uretan murgiltzen zuen. Ohetik altxatu berria izateko, eszena nahikotxo Heavya. Testuingurutik at, noski. Dokumentalaren atzeko ahots sakonak azaltzen zuen segituan; Arrak, emea laguntzen omen zuen uretan murgiltzen, berak bakarrik ezin izango lukeelako. Helburua uraren gainazalaren azpiko landare ehunetan barrena hurrengo belaunaldia bermatzeko, arrautzak bertan errunez. Ikaragarria. Ederra. Elkarlan bat bete betean.

http://entreelaguayelaire.blogspot.com.es/
Eszena hori ezin burutik kendu, "hau ezin da horrela geratu". Hemen beste zerbait dago eta susmoa hartzen hasi natzaio. Ikerketa prozesu txiki bat hasi dut hementxe. Badirudi "konpondu gabeko tentsioren bat dagoela hor nonbait". Nire buruan galderak hasi dira biraka eta, ezin gelditu, erantzun bat topatu behar nien.


Odonatoak eta euren "jolasak"; Biologia pitin bat.

Sorgin-orratzen edo Mariburduntzien munduan, espezie batzuetan, kopularen ondoren, arrak emea heltzen du honen buruaren atzealdetik eta elkarri lotuta mugitzen dira, Tandem deritzon parekatze horretan (goiko argazkian ikus daitekeen legez).

Arrazoiak? hor doa hortik ikertzen topatu dudana:

- Arrak, bere kokaleku altutik hobe ikusi eta aukera dezake non den lekurik onena arrautzen errutea egiteko.
- Arra eta emearen elkarlan horrek, nahi duten lekura azkarrago heltzea ahalbidetuko du.
- Artropodo, intsektu hauen munduan, badirudi oso erraza dela, kopularen ostean, arrak emea lagatzen badu, beste ar batek lehenengoaren hazia "kentzea" eta berea "sartzea" emean. Horregatik, bibliografia iturri askotan, arraren intentzioa bere genetika bermatzea dela dio. Arrautzak errun arte, emearenetik ez da bananduko beraz.
- Beste aukera emeak arrautzak erruten dituen bitartean (ur azaleran edota ur azaleraren azpiko landarediaren zurtoinetan barneratuz, ehunetan barna) babesa ematea da. Horrela bai ur gainetik, baita ur azpitik agertu daitezkeen etsaiak uxatzea.


Azalpen ikaragarriak. Natura. Biziraupena. Genetikaren aurrera egitearen bermatzea. Baina jarraitzen dut zerbait ikusten atzetik. Erromantikotasunik gabekoa, baina biokimikaren indarrei aurre egiten diona.

Bagoaz partez-parte. Lehengo ikus ezazue nik ikusitako bideoa. Gutxi gora behera 23. minutuan dator eszena ditxosoa. Arrak, emea "laguntzen du" ur azpian sartzen, arrautzak erruteko urpeko landareen zurtoinetan barna. Ahotzak erraiten duenez, "arraren laguntzarik gabe, emeak ezingo luke gorputza urperatu". Hori entzuten dugun bitartean arrak burutik bultzatzen du emea uretan sartuz edo, dirudienagatik, sarraraziz. Eszena, testuingurutik at edertasunaren eta bortizkeriaren artean egon zitekeen. Baina guzti hau haratago doa eta bikote bat indar ikaragarri baten kontra borrokatzen datorkit niri burura; gainazal tentsioa da indar hori.

Gainazal Tentsioa; Biokimika pitin bat.


Hasteko, ur molekularen ezaugarriak deskribatuko ditugu. Nire ikasleei lehengo egunean esaten diedan legez, Oxigenoa Hidrogenoa baino indartsuagoa da (elektronegatiboagoa dela esango dugu geroago). Egiten dituen lotura kobalenteetan (atomoen arteko loturetan elektroiak konpartitzen direnean), "indar gehiagorekin tiratzen" du elektroietatik. Horrela Oxigenoaren eremuak karga partzial negatiboa izango duen bitartean (elektroiak beragandik gertuago), Hidrogenoa bakoitzaren eremua, karga partzial positiboarekin geratzen da (elektroiak urrunago hauengandik).


Horregatik, urak dipolo egitura duela diogu, partzialki bada ere, bi polo dituela esan dezakegulako. Horrek propietate anitz emango dizkio urari. Nik askotan, eta gehiegikeria iruditu dezakeen arren, bizitzaren jatorria azaltzen duela esan ohi dut; "den-dena urarekiko aurkezten zuen portaeraren ondorio da". Badakit esaldi honek suposatu dezakeena, baina mintzen aitzindariak, lipidoek urarekiko zuten portaera anfipatikoaren ondorioz sortu zirela kontutan hartuta, proteinen tolesdura, besteak beste hidrogeno zubi eta elkarrekintza hidrofobikoen ondorio direla, ... eztabaida gutxi (edo asko, hori da zientziaren parterik ederrena).

Ur molekulek, euren dipolo izaeraren ondorioz Hidrogeno Zubiak sortzen euren artean
Irudian ikus daitekeen legez, ur molekulek euren artean Hidrogeno Zubiak deritzen loturak sortu ditzakete. Hidrogeno Zubiak, ur molekula baten mutur positibo edo negatiboek, beste molekula baten mutur negatibo edo positibo batekin, hurrenez-hurren, sentitzen duen kargen ondoriozko erakarpena izango litzateke. Hau guk ulertzeko, baina teknikoki atomo elektronegatibo batek, beste atomo elektronegatibo batekin lotura kobalentea egiten dabilen Hidrogeno batekiko erakartasuna izango litzateke.

Asuntoa zera da, ur bolumen batean egon daitezkeen ur molekula guztiak euren artean, poloetatik erakarriak sentitzen dira. Horrek egonkortasun bat ematen dio ur bolumen horretan dauden ur molekulei eta euren artean osatzen dute sare "indartsuari". Batak bestetik tiratuz edo bata bestearengana erakarriz. Orduan pentsatu... gainazala osatzen duten azken ur molekula horiekin zer gertatzen da. Jarraitu irakurtzen:

1.- Lehenengo misterio edota zergatik arrak emea urperatzen duen.


Irudi honetan ikus daitekeen bezala. Molekulen artean ematen diren lotura guzti horien ondorioz, sare egonkor bat osatzen dute. Ur molekulen artean sartzeko edo, gure Mariburduntziaren kasuarekin alderatuz, murgiltzeko, ur molekula guzti horien arteko loturak hautsi egin behar dira. Beste era batean esanda lotura horien indarra gainditzen duen beste indar bar beharko litzateke. Erreparatu irudian ikusten den objektu edo masa gorri horri. Nola zeharkatuko du ur molekulek sortzen duten harresia? Harresi horren "adreiluak" euren artean elkartuta mantentzen dituzten indarrak gaindituz, noski. Hidrogeno zubiak baino indartsuago izanda.

Lehendabiziko ondorioa: Mariburduntzia urperatu nahi badu bere burua, arrautzak ur gainazal azpiko landare ehunetan barnerantzako, laguntza beharko du. Arraren laguntza, hain zuzen ere.


Baina... Ez!!! Haize bolada demonio batek arra eta emea banarazi ditu. Eme gaizoa bakarrik egin beharko du bere lana eta...

2.- Bigarren misterioa edota zergatik emea uraren gainazalean harrapatuta geratzen den.

Dokumental berean, apur bar aurrerago, 25:20 segundoan, berriro Sorgin-orratz emea uraren gainazalean ikus daiteke. Oraingoan ukabilak gogor itxiz (kafea dagoeneko mahi gainean utzita daukat, tentsio gehiago etorriko zirela aurreikusiz), intsektu gaizoa uraren atzaparretatik ezin askatu dabilela ikus dezakegu. Saiatu eta saiatu dabil. Azkenean, egiten dituen gorputz eta zangoen mugimenduekin lortzen du. Ahotsak berriro ere, jartzeko arrautza gehiago dituela jakitera ematen digu eta hurrengo baten berriro gurutze-bide horretatik pasatu beharko duela.

Orduantxe bigarren kezka; zerk lotu edo harrapatzen du Mariburduntzia eta uretatik ezin "desitsatsi" dabil?

 Ur molekulek, beste erakarpen indar bat daukate bestelako azalerekin (likido-solido), eta horri, Atxikidura-indarra deritzogu. Aldameneko irudi honetan, berriro ere lehengo marrazkian geneukan sistema aztertu dezakegu. Urarekin kontaktuan dagoen gorputz gorri horren izaera molekularra, ur molekulekiko erakarpen indar bat sortzen du. Atxikidura indar hori dela eta. Gorputz gorri hori, ur gainazaletik askatzeko egin beharko nukeen indarra, gorputz hau eta ur molekulak lotzen dituen atxikidura indarrak baino handiagoak izan beharko litzateke. Gero eta azalera gehiago kontaktuan urarekin, orduan eta atxikidura indar puntu gehiago egongo dira, beraz indar gehiago egin beharko genuke bata bestetik askatzeko. Intsektuen zangotxoek ura ukitzean azalera gutxi da urarekin kontaktua duena beraz askatzea askoz errazagoa da. Baina gure Mariburduntxiaren hegoen azalera guztia urarekin kontaktuan dagoenez, urak lotura edo atxikidura puntu gehiago sortzen ditu berarekin eta intsektu gaizoak indar gehiago egin beharko du hegoak askatu eta uraren espetxetik ihes egiteko.
https://jenrainey.files.wordpress.com/
Bigarren ondorioa: Haize boladak arra eta emea banatu dituenean eta lan guztia emearen eskuetan geratu denean, emearen bizia arriskuan jarri du. Izan ere, emeari murgiltzen laguntzeaz gain, arrak, uretatik irteten ere lagundu behar zion, beragandik tiratuz. Baina kasuan, emea uretatik askatu ezinean dabilela, beste edozein predatzaileren digestio aparatuarekin kontaktuan sartzeko aukerak gehiagotzen doaz.
Kohesio eta Atxikidura indarren arteko elkarrekintza



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina